Mirotza saria jasotzearren pozik, ezta?
Bai, sariek beti egiten dute ilusioa. Neu aiarra izanik, alboko herrikoa, alegia, ilusio berezia egin dit nirekin gogoratzeak. Gainera, saria Nadethekin [Agirre] batera jasotzea ohorea da niretzat, Euskal Herriko patroi onena izan delako nesketan.
Orio Arraunketa Elkartekoek esan al dizute zergatik gogoratu diren zurekin?
Tira, uste dut batez ere ondoko herrikoa naizelako eta azken hiru urteetan pentatloiak irabazi ditudalako oroituko zirela nitaz.
Arraun zalea al zara zeu?
Zalea naiz, bai, jarraitzen dut; asko gustatzen zait. Bere garaian neu ere ibilia naiz arraunean, eta gertutik segitzen dut kirol hori.
Dena den, pentatloia da zure jarduera kutuna.
Bai, azken lau urteetan behintzat horretan ditut jarriak indarrak; horretarako egiten dut lan eta entrenatu. Helburu batzuk ditugu jarrita, eta helburu horiek lortu arte horretan jarraituko dudala uste dut.
Zein dira helburu horiek?
Aurrenekoa eta inportanteena laugarren txapela janztea, eta bigarrena, 30 minutuko muga jaistea; zaila izango da hori, baina lortu arte ez dut utziko.