Euskal Jaietako karrozak muntatu eta gordetzeko lokal bila ari da udala

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 28a, 12:10

2004ko Euska Jaietako karroza bat. (Guka)

Azaldu duenez, gaur egun ez dauka beharrezko baldintzak betetzen dituen espaziorik, eta, horregatik erabaki du deialdi publikoa zabaltzea hiru hilabetez alokatzeko asmotan.

Zarauzko Udalak Euskal Jai eguneko karrozen desfilea berreskuratu nahi du aurtengo festarako, baina karrozak muntatu eta gordetzeko beharrezko baldintzak betetzen dituen espaziorik ez duenez, deialdi publikoa egitea erabaki du herriko lokal bat alokatzeko. Hala, eskatu du Herritarren Arreta Zerbitzuan edota Correosen eskaintzak aurkezteko ekainaren 7rako, ostirala, beranduenez.

Lokalak bete beharreko baldintzak ere zehaztu ditu udalak eta honako hauek dira, hain zuzen ere: Zarautzen kokatuta egotea, 180 metro koadroko espazio gardena eta bost metroko gutxieneko altuera izatea, komuna eta handia izatea, eta, argiztapenak lokalaren luze-zabal osoa hartzea.

Horrez gain, argitu du esleipenerako oinarrizko aurrekontua 1.500 eurokoa izango dela hilabetean, eta hiru hilabetez alokatzeko asmoa duela. Ekainaren 17tik irailaren 20ra, zehazki.

Nolanahi ere, argibide gehiago behar izanez gero, deialdiko pleguak eskuragarri jarri ditu udalak lotura honetan, eta ondare departamentura jotzeko aukera ere izango dute interesdunek. Bi bide izango dituzte horretarako: e-postaz ondarea@zarautz.eus helbidera idatzita, edo telefonoz 943-00 51 01 zenbakira deituta.

Udalak gogoratu duenez, Euskal Jaien mendeurren dela eta berreskuratu nahi du karrozen desfilea; izan ere, azken urteetan galdu egin da ohitura. Horrekin batera, beste hainbat ekitaldi berezi antolatzeko asmoa ere badu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide