San Pelaioko haurren danborradan izena emateko epea zabaldu dute

Julene Sorarrain 2024ko maiatzaren 28a

Haurren danborradako zuzendariak. (Haur Kultura Taldea)

LH3tik LH6ra bitarteko haurrek danborra jo dezakete; LH 2ko haurrek, aldiz, desfilean parte hartu dezakete. Entseguak Gaztelekuan egingo dira ekaineko lehen asteetan, 18:00tik 18:45ra.

Urtero bezala, San Pelaio jaien barnean, Haurren Danborrada egingo dute ekainaren 25ean. LH3tik LH6ra bitarteko haurrek danborra jo dezakete; LH 2ko haurrek, aldiz, desfilean parte hartu dezakete.

Helburua da haurrak festen partaide egitea eta herritar sentiaraztea. Hori dela eta, danborrada haur guztientzat irekia izango da, erropak Haur Kultur Taldetik banatuko dizkiete eta ez da ezer ordaindu beharko. Erropa eta materiala denen artean zaintzea da eskaera bakarra.

Desfilean parte hartu ahal izateko, haurrei eskoletatik iritsiko zaie izena emateko aukera. Bertan emango zaien orria bete, eta arropak eta argibideak eskolan bertan emango dizkiete. Desfilean parte hartuko dutenek ez dute entsegurik egin beharko.

Danborradan parte hartu ahal izateko, formulario hau bete beharko dute. Auzoen preferentziak errespetatzen saiatuko dira, ahal den heinean, beti ere talde orekatuak egin behar direla kontuan izanda. Izenematearen epea maiatzaren 31a arte egongo da zabalik.

Entsegu egunak

Entseguak Gaztelekuan egingo dira, 18:00tik 18:45ra. Haurrek eskolaz kanpoko ekintzaren bat dutelako 8 entseguetako batera joan ezin badute ere, parte hartu ahal izango dute danborradan. Hala ere, danborradaren mesedetan bertaratzea ahalik eta handiena izatea eskatzen du Haur Kultur Taldeak.

Ekainak 4 eta 5, asteartea eta asteazkena
Zuzendari izan nahi dutenen entseguak (LH6ko ikasleak)

Ekainaren 10tik 13ra eta 17tik 20ra, astelehenetik ostegunera
Danborra joleen eta zuzendarien entseguak (LH3tik LH6ra bitarteko ikasleak)

Ekainak 25, asteartea
Danborrada eguna

Ekainak 28, ostirala
Erropak itzultzeko eguna

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide