Zure hitzaldiak izan duen oihartzuna aintzat hartuta, urduri al zoaz Zarautzera bigarrenez eskaintzeko?
Ez nuke esango urduri nagoenik, aurretik idatzitako zerbait ekarriko dudalako berriro. Donostian eman nuen hitzaldi berarekin noa, eta horrek lasaitu egiten nau. Lehenengo hartan nengoen urduriago estreinakoa zelako eta ez nuelako erabat menderatzen esan nahi nuena.
Gara egunkarian argitaratu zuten kronikak eman dio aipatutako oihartzuna hitzaldiari, eta kritika ugari jaso zituen. Diozunez, ordea, horrek ez zaitu esandakoak birplanteatzera bultzatu.
Donostiako Udalak bertsolari txapelketen bueltan antolatutako zikloan kokatu behar da hitzaldia. Antolatzaileen asmoa zen grabatzea, gero podcast gisara eskaintzeko. Nik uste nuen lagun apur batzuek soilik izango zutela interesa nire esanak entzuteko, eta podcastarekin eskuragarri izango zituztela, gainera. Arazo tekniko batzuk tarteko, ordea, ez zuten grabatu. Horregatik, zer-nolako zalaparta sortu den ikusita, orain nik dut interesa ondo jasota gera dadin; batez ere, bertso munduko jendeak benetan jakin dezan zer den nik esandakoa.
Azken finean, publiko horri zuzendutako hitzaldia da nik prestatutakoa, ez zen nire asmoa hain publiko orokorrera iristea. Nazio mailako hedabide batean agertzeak eragin du azken hori, eta, esan bezala, ez nuen halakorik nahi. Gainera, ez naiz baimenduta sentitzen Euskal Herri osoko hedabideetan bertsolaritzari buruzko nire iritzi kritikoa agertzeko. Beraz, ondo etortzen zait Zarauzko hitzaldia, eta Xabier Euzkitzeri eskerrak eman behar dizkiot izan duen arduragatik. Hala ere, azkena ere izango da, ez baitut herriz herri eramateko gogorik.
Ikusle asko espero al dituzu?
Ez dakit zer esan. Ni Donostian esandakoa errepikatzeko aldartearekin noa, eta oso garbi dut bertso munduko jendeari hitz egin nahi diodala.
Hitzaldiaren beraren izenburuak arreta ematen du: Ego eta hego. Txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik. Zer da helarazi nahi duzuna?
Aurrez aipatutako zikloaren barruan, Xabier Euzkitzek gaia jarri zidan, nolabait, eta txapelketen inguruko gogoeta egiteko eskatu zidan. Ez da nire gairik gustukoena, baina hari lotuta egon behar zuenez nire hitzaldiak, txapelketetako edukien azterketa egitea erabaki nuen horien inguruan hausnartzeko, nagusiki. Era berean, bertsolariaren egoaz, norbere niaz, eta hori elikatzetik harago garamatzaten hegalez edo norabideaz aritu nahi nuen.
Lan horretan, 1967tik 2022ra bitarteko txapelketak ikertu dituzu, eta atera duzun ondorioa da abesteko gaiak aldatu direla, bai, baina, aldi berean, ez dela ezer aldatu, beti agintzen duelako marko hegemoniko jakin batek.
Hori da. Marko estu baten barruan kokatzen dira txapelketetako eduki ideologiko guztiak. Aurrez ere banuen irudipen hori, eta jaio nintzen urtetik hona izan diren txapelketei buruz egin dudan azterketa xeheago horrek baieztatu egin du, nolabait. Markoa aldatuz doa, eboluzionatuz, hiru aro bereizi ditut nik, baina estutasun horrek antzekoa izaten jarraitzen du, eta deigarria egiten zait.
Txapelketetako gai jartzaileek izango dute erantzukizunik arlo horretan ere. Ausardia falta dagoela uste al duzu?
Erantzukizuna partekatua dela uste dut. Iruditzen zait gizarteko hainbat esparrutan bezalaxe, bertsolaritzan ere kontrola dagoela eta marko jakinetik ateratzen dena gogor zigortzen dutela. Historian beti gertatu den zerbait da, eta, tamalez, hala izaten jarraitzen du. Dena den, ez dut ez gai jartzaileak, ez bertsolariak, gehiago kritikatzeko gogorik. Zerbait esan behar badut haien lanaren inguruan, nahiago dut bertso munduaren barruan egin, eta ez hedabideetan. Azken finean, bertso munduko lagunekin partekatu nahi izan dudan gogoetatik jaio da hitzaldia, eta ez diet behatza begian sartu nahi nire lagunei.
Hitzaldiaren izenean aipatzen duzun txalodependentzia hori al da bertsolaria markotik ez ateratzera bultzatzen duena?
Hori da hitzaldiko tesietako bat. Kulturgintza komertzial osoa da txalodependientea, baina bertsolaritzak duen izaeragatik une oro du aktibatua txalometro hori. Txaloa berehalakoa eta fisikoa denez, aipatutako markoa are gehiago estutu dezake.
Diozunez, bertso munduko jendeari zuzendutakoa zen zure hausnarketa. Minik eman al dizu hortik atera izanak eta zure hitzak hain kritikatuak izateak?
Kritikak hitzaldia bere osotasunean entzun ez dutenen aldetik etorri dira, eta hedabideetan argitaratutako kronika izan dute oinarri bakar. Egia esan, txukuna iruditu zitzaidan kazetariak egin zuen lana, nahiko ondo jaso zituelako nik esandakoak, gaizki ekarritako hitz klabe bat salbu. Gainera, ez dut uste halakoetan laburpenek funtzionatzen dutenik. Horregatik, iruditzen zait etika intelektual falta ere erakusten dutela kritikek, testuingurua ezagutu gabe egin dituztelako. Era berean, uste dut gizartearen gaixotasun sintoma ere badela, kontrol handia dagoelako eta egurra ematen zaiolako artaldetik ateratzen denari. Bidesaria ordaindu dut libre izateagatik; askatasunetik hitz egin nahi izanez gero, kalte pertsonala asumitu behar da.
Jaso al duzu barkamen eskaerarik kritikatu zaituzten horien aldetik?
Ez, eta uste dut horrek ere erakusten duela aurrez esandakoa. Egia esan, gai hau gehiago interesatzen zait txapelketena baino, zer gertatzen ari zaigun debate faltarekin, kontrolarekin eta etika gutxiko jokabideekin. Ideiak eztabaidatu ordez, mezulariari erreparatzen diogu; zeren, ilargia seinalatu eta ilargira begiratu beharrean, behatzari begira geratzen gara.
Bigarren hitzaldi hau lehenengoak utzitako zauria osatzera ere badator, beraz?
Ez nuke hori esango. Kontua ez da arantza ateratzea, baizik eta grabazio txukun baten faltari konponbidea topatzea, Donostiakoa errepikatuko baitut.