Europako Parlamentuko hauteskundeak ate joka ari direla eta, EH Bildu herri batzarrak antolatzen hasi da azken egunotan. Gaurkoan Zarautzen eskaini dute Orain errepublika lelopean. Bertan hartu dute hitza Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak.
Rodriguezek EH Bilduren botoak "balio erantsiak" dituela azaldu du, beste botoek ez dituztenak hain zuzen: "Boto-paper nazionala da, herri honetako 7 herrialdeak ordezkatzen dituena; paper antifaxista da, eskubideak murriztu eta erreakzio-bideak zabaltzeko asmoa dutenak geldituko dituena; Gernikako seme-alaba gisa aldarrikatzen gaituen papera da, beraz, bakearen eta gerraren aurkako botoa da. Eta boto katalana, galegoa eta euskalduna da, eta, jakina, errepublikazalea".
Maddalen Iriartek surfeko eta beste kiroletako selekzioak lehiaketa ofizialetan parte hartzea ahalbidetu nahi dutela azaldu du. "Lehen pentsamendua lotura zuzen baten pentsatzea datorkigu, baina Zarautzek badauka, esaterako, hondartza eder honetan usadioz eta generazioz generazio surfa egiten duten herritarrak. Surfarekin munduan barrena, eta nola ez Europan, Euskal Herria herri gisa aurkezten dutenak", gehitu du Iriartek. Hala nola, Europako hauteskundeetara "Euska Herriko Selekzio propio gisa aurkezteko eskumena lortzera" doazela azpimarratu du bozeramaileak, kirol diziplina guztietan "selekzio propioak izateko eskubidea egikaritzera", hain zuzen. "Europatik eta Europan ere Euskal Herriaren eraikuntzan sakondu eta indartzeko bideak izan baititugu", aldarrikatu du Iriartek.