Udaberri garaia nabari da Salbide auzoan

Julene Sorarrain 2024ko mai. 25a, 15:00

Egun osorako egitaraua prestatu du auzoko elkarteak 11:30etik hasita. Musika, dantzak, jolasak eta mus txapelketa izango dira gaur, besteak beste.

Udaberri Festa antolatu du Salbide auzoko elkarteak beste urte batez eta eguraldiak lagunduta, hainbat herritar gerturatu dira auzoko parkera jaia ospatzera. Jalgi dantza taldeko gazteak izan dira festari hasiera eman diotenak, Euskal Dantzen emanaldi batekin. Dantzen ostean, hamaiketakoa eskaini zaie gazteei eta helduei, aldiz, pintxoak eta edariak. Haurrentzat Bizi Lore parkean hainbat jolas antolatu dituzte baita marrazki txokoa ere.

Arratsaldera begira, auzoko mus txapelketaren laugarren edizioa jokatuko dute gaur, 16:00tik aurrera. Parte hartu nahi dutenek 15:30etik 15:50era eman beharko dute izena auzoko parkean, eta 20 euro ordaindu beharko da bikoteko. Txapelketako partidak Salbide eta Lapotx tabernetan eta Aterpe kafetegian jokatuko dituzte. Sarien artean, irabazleei 190 euro, txapelak eta garaikurra emango zaie eta bigarren postuan geratzen direnei, 140 euro eta garikurra. Hurrengo zortzi bikoteei bientzako afaria oparituko zaie herriko tabernatan erabiltzeko. Auzoko lehen bikoteari 4 gosari emango zaizkie Aterpe kafetegian baita oroigarriak ere.

Amaitzeko, M3 DJaren musika saioarekin itxiko dute Udaberri Festa, 19:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide