Idazleak eta irakurleak euskal letren plazan elkartu dira

Julene Sorarrain 2024ko mai. 25a, 16:30

Egitarau oparoarekin ekion diote aurtengo Literaturiari; hitzaldiak, liburuen aurkezpenak eta ikuskizunak eskainiko dituzte egunean zehar.

Urtero bezala, euskal literaturaren eta sorkuntzaren erakusleiho bilakatu da Zarautz. Honen eredu izan zen atzoko ekitaldia, izan ere, herritarrek Modelo aretoa bete zuten Mari Luz Estebanen manifestua entzutera gerturatu zirenean. Aurten Estebanek izan du Literaturiari hasiera emateko ohorea. Bere manifestuak aurtengo leloari egin dio erreferentzia, (B)egia leloari hain zuzen. Hamabost ataleko idatzi bat eskaini zuen, entzuleei gogoeta bat egitera gonbidatuz. Celso Emilio Ferreiro idazlearen esaldi batekin amaitu zuen hitzaldia: "Ikertu zure garaiko egia eta aurkituko duzu zure poesia".

Jarraian, Kamikaz kolektiboko Iraia Eliasek, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak egitasmorako sortu duten (B)egira! ikuskizuna aurkeztu zuten. Begi eta egia horiek "ikusten ez dena zer den" iradoki die Kamikaz kolektiboari; hau da, sortze prozesu baten atzean dagoen lan guztia.

Liburu azoka eta aurkezpenak gaurkoan

Gaurko egunean, Literaturian murgildu nahi duen orok Lege Zaharren enparantzan egongo den azokara gerturatu eta literaturako proposamen zabalaz gozatu dezake, bai helduentzat eta baita haurrentzat ere. Azoka 17:00tik 20:00ra egongo da zabalik. Bertan argitaletxe ezberdinen liburuak erosi ahalko dituzte, besteak beste, Susa, Balea Zuria edo Maiatz argitaletxeenak. 

Goizean zehar, Inaxio Tolosa ipuin kontalariak Literattipia. Toloren tolokeriak saioa eskaini die 4 eta 7 urteko haurrei Etxezabalan eta 12:30tan, Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondok Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia aurkeztu dute.

Aurtengo edizioan, Booktegi plataformari egin diote omenaldia. Elkartearen helburua da euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea, formatu elektronikoak ahalik eta modu eraginkorrenean aprobetxatzen saiatuz.

Arratsaldean, Patxi Zubizarreta idazlearen Inuksuit ikuskizun musikatua emango dute Modelo aretoan, 17:30tan, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Mintxo Cemillanek eta Malen Fernandez de Larrinoak lagunduta. Eta eguna amaitzeko, Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Gotzon Barandiaranen azken poesia liburuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute, eta harekin batera, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao igoko dira oholtzara, 22:00tan. Sarrerak Modelo aretoko leihatilan edo Kutxabanken webgunean erosi daitezke. Lehenengo ikuskizunaren sarrerak 5 euro balio du, eta bigarrenak, aldiz, 7 euro.

Bihar, igandean, Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua aurkeztuko dute Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburuk, 12:00tan Modelon. Ikuskizun honek emango dio amaiera aurtengo Literaturiari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide