Nadeth Agirre eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.'-a' omenduz hasi da IX. Garagardo Azoka

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 25a, 13:30

Orio Arraunketa Elkarteak hainbat urtez emakumezkoen traineruko patroi izandakoari egin dio aitortza, baita pentatloia hainbatetan irabazi duen herri kirolari aiarrari ere. Igandera arte zabalik egongo da Garagardo Azoka, eta ez da ekintzarik faltako plaza inguruan.

Urtero bezala, Mirotza sariak banatuta ireki du Orio Arraunketa Elkarteak Garagardo Azoka. Bederatzigarren urtea dute aurten bai azokak, bai sariek, eta iaz bezala, aurten ere emakumezkoen saria etxeko batek jaso du: Nadeth Agirrek. Orio AEko emakumeen patroia izan da hainbat urtez iazko denboraldiaren amaierara arte, eta klubak egindako lan guztia eskertu eta aitortu nahi izan dio. Gizonezkoetan ere ez da urrutira joan saria, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a herri kirolari aiarrak jaso baitu aitortza. Hainbatetan irabazi du pentatloia, eta gaur egun ere irailean izango duen erronkarako prestatzen dabil buru-belarri.

Sari banaketa ekitaldia 19:15 inguruan hasi da, plazan, eta Xabier Sukiak egin ditu aurkezle lanak. Oroigarriak, berriz, Jon Olasagasti OAEko presidenteak eman dizkie bi kirolariei. Ekitaldi xumea eta motza izan da, eta umore momentuak ere egon dira; esaterako, Sukiak Agirreri bota dionean ea ez al duen trainerura itzultzeko asmorik. Ezezko borobilarekin erantzun dio hark, herritarren barreak eraginez.

Ekitaldia, ohitura duten legez, garagardo banarekin topa eginez amaitu dute. Ordurako herritar dezente hasita zegoen garagardo dastatzen, eta jatekoa ere ez da falta: natxoak, saltxitxak eta txerri ukondoa daude menuan, izan ere.

22:00etan, gainera, Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti igoko dira oholtzara, giroa trikiti doinuekin girotzera.

Bihar eta etzi ere izango da zer egina Garagardo Azokaren bueltan. Honakoa da egitaraua.

Mirotza sariak urtez urte

Joxemari Olasagasti arraun adituak dotore jaso du Mirotza sarien zerrenda ondorengo irudian. Gainera, Nadeth Agirreri buruzko datu zehatzak ere berak eman ditu: "Bitxikeria bezala, aipatu behar da Agirre dela historian zehar Orioko traineruarekin bandera gehien irabazi dituena gizonetan nahiz emakumeetan. Mota guztietako garaipenak ditu, guztira 87 –jaitsierak, trofeoak, txapelketak, etab.–, eta horietatik 65 banderak dira, alajaina!", kontatu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide