Zarauzko Udalak udalerriko sarbide eta irteera nagusietan segurtasuna hobetzen lagunduko duen azterlanaren idazketa enkargatu du. Lan hau Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza proiektuaren baitan kokatzen da. Azterketaren arduraduna garraio-azpiegituretan aditua den VECTIO enpresa izango da, mugikortasunaren arloan irtenbideak eskaintzen dituen enpresa, hain zuzen ere.
Datuak ekainean zehar jasoko dituzte, eta ondorioak eta azken txostena, aldiz, irailean. Azterlana Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen departamentuarekin partekatuko dute, eta epe labur, ertain eta luzean zer neurri ezar daitezkeen ikusiko dute. Foru erakundea da bide horiek kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratzen dena.
Gervasio Gabirondo Herritarren Segurtasuneko zinegotzi arduradunak adierazi du lan honekin errepideetako trafiko fluxuei buruzko datu gehiago lortu nahi dituztela eta ondoren herriko sarbide eta irteeretan abiadura murrizten lagunduko duten neurriak ezarri: "Horrela gidarientzat segurtasuna irabaziz, baina batez ere oinezkoentzat eta txirrindularientzat".
Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza proiektuak "kaleetan bizikidetza hobea lortzeko urratsak" emateko balioko duela adierazi du Iker Basurko Mugikortasuneko, Proiektu Estrategikoetako eta Zarautz 20230eko zinegotziak. "Proiektuak datozen hiru urteetan Herritarren Segurtasunaren eta Mugikortasunaren artean egingo den lan bateratua bilduko du, baina Udaleko beste hainbat departamenturen ere parte hartuko dute. Lan proiektu berritzailea izango da, herritarrekin partekatutako erantzukizunak izango dituena", adierazi du Basurkok.