Bost hilabete igaro dira Zarautzen Mugiment Kirol Txartela ezarri zutenetik, eta horren inguruko balorazioa egin du udalak orain. Mugiment Kirol Txartelak, batez beste, 100 erabiltzaile baino gehiago izan ditu hilean, eta beste udalerri batzuetako kirol azpiegituretara eta zerbitzuetara doan sartzeko aukera izan dute herritarrek. Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren hitzetan, urtarrilean martxan jarri zutenetik, "txartelaren harrerak eta erabilerak aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, eta Aritzbatalde kiroldegiko erabiltzaileen onurarako beste tresna bat dela erakutsi du, beste udalerri batzuetan aukera gehiago izan baitituzte, inolako kosturik gabe”.
Mugiment Kirol Txartelaren "arrakastan oinarrituta, eta jarduera fisikoa eta udalerrien arteko elkartrukea sustatzen jarraitzeko", kirol azpiegituren erabilera zabalduko dute beste udalerri batzuetako erabiltzaileentzat, eta aipatutako txartelarekin Aritzbatalde kiroldegiko igerilekura sartu ahal izango dira 13:00etatik 16:00etara bitartean. "Horrela, Zarauzko Udalak kirola sustatzeko duen konpromisoa berresten du, gure herritarren ongizaterako eta bizi kalitaterako funtsezko zutabea baita. Lanean jarraituko dugu gure komunitatean bizimodu aktiboa eta osasungarria bultzatuko duten ekimen eta aukera berriak eskaintzeko", gehitu du Illarramendik.