Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, 38. aldiz egingo dute igandean herriko martxa zikloturista, gisa horretako Gipuzkoako probarik zaharrena. Haimar Zubeldia Klasikoa izenarekin egingo dute, beste behin, eta, inoizko parte hartzerik handiena izango du, 900 txirrindularien langa gainditu baitute lehenengo aldiz. Zehazki, 908 lagunek eman baitute izena, 854 gizonek eta 54 emakumek. Horiekin batera, gonbidatu bereziak ere izango dira, ohi bezala: Marino Lejarreta eta Andoni Aranaga txirrindulari ohiak eta Haimar Zubeldia bera baieztatu dituzte, besteak beste.
Parte hartzaile kopuruari lotuta, hain justu, hasiera batean 800 lagunentzako muga jarri zutela zehaztu dute antolatzaileek, baina "martxoaren 18rako dagoeneko bete zutenez, zabaltzea erabaki" zuten. Era berean, jakinarazi dute "iazko edizioan aritu ziren Herbehereetako txirrindulariek errepikatu" egingo dutela. "Horietako bat, bizikletaz ari da Zarautzerako bidea egiten haren bizilekutik abiatuta, Breda hiritik. 1459 kilometroko ibilbidea, orotara", azpimarratu dute.
Haimar Zubeldiak, bere aldetik, argitu du aurtengo omendua Imanol Agirretxe futbolari ohia izango dela: "Badakigu futbola utzi zuenetik asko aritzen dela bizikletan, eta horregatik pentsatu dugu harengan. Gainera, harekin harremanetan jarri ginenean adierazi zigun parte hartzeko asmoa zuela eta itzuli osoa egingo du". Bestalde, proba abiatu aurretik minutuko isilunea egingo dutela ere jakinarazi du, orain gutxi zendu den zikloturista oroitzeko; izan ere, Zarauzko proban izena emana zuen.
Ibilbide aldaketa aurten ere
Antolatzaileek azaldu dute, halaber, azken orduko aldaketa bat tarteko laburtu egin behar izan dutela ibilbidea. Hala, 160 kilometro egin beharrean 151 egingo dituzte. Kontrara, metatutako desnibel positiboa aurreikusitakoa baino 150 metro handiagoa izango da; 2.600 metro ingurukoa, beraz. Probaren azken zatiari eragiten dio aldaketak, zehazki; izan ere, Muniosoro pareko bidegurutzean Zumaia aldera hartu beharrean N-634 errepideko kostako bidetik Zarautzera itzultzeko, Meagarako bidea hartuko dute, eta handik jaitsiko dira Zarautzera.
Hori horrela, honakoa izango da ibilbidea: 08:00etan Aritzbataldetik abiatuta, kostako bidea hartuko dute txirrindulariek Zumaiarantz, eta hara iritsitakoan Azpeitira egingo dute. Ondoren, Errezildik igaroko dira, Iturburu igoko dute, Bidaniara jaitsi eta Santa Agedako gainera igo. Jarraian, Beizamara jaitsiko dira eta handik Nuarberako bidea hartuko dute Mandubi igotzeko. Jaitsieran, Salbatorera iritsiko dira eta bertan izango dute lehenengo anoa gunea. Horri lotuta, antolatzaileek jakinarazi dute, aurten, komunak jarri dituztela anoa guneetan berrikuntza gisa, "emakumeengan pentsatuta, batez ere".
Martxa berrabiarazitakoan, Ormaiztegi aldera abiatuko dira eta Atagoiti igoko dute. Gero, Telleriartera egingo dute eta handik Legazpira, Zumarragara eta Azkoitira. Azpeitira heldutakoan, atzera berriro, Landetaraino jarraituko dute bertan bigarren geldialdia egiteko. Azkenik, Etumeta igoko dute, Aizarnazabalera jaitsiko dira eta Zarautzerako itzulerako bidean, aipatu bezala, Meagatik joango dira kostatik beharrean.
Aldaketaren arrazoia da probak Eibarko Hiria Sari Nagusia UCI World Tour kategoriako emakumeen txirrindularitza lasterketarekin bat egin duela aurtengo Haimar Zubeldia klasikoak. Zentzu horretan, antolatzaileek gogoratu dute iaz ere egin behar izan zutela aldaketarik azken unean, artean ere beste txirrindularitza lasterketa batekin kointziditu zuelako martxa zikloturistak. Goierri aldean izan zen proba orduan.