Goraldi betean den kirola da pala Zarauzko emakumeen artean. Horren erakusle da ZKEko pilota atalak Urtetako frontoian bigarren urtez antolatu duen txapelketak izan den erantzuna. Bada, antolatzaileak "oso-oso gustura" agertu dira finalaren atarian, "herriko emakume asko inplikatu direlako".
Iazko lehenengo edizioan bederatzi bikote izatetik hamasei izatera igaro dira, eta datorren urtekoari begira are gehiago izango dira: "Teknifikazio saioetan aritu diren hainbat emakumek jada agertu dute parte hartzeko asmoa. Horregatik, 24 bikotera zabalduko dugu izen ematea, eta gehiago badira parte hartu nahi dutenak, egingo dugu ahalegina denek joka dezaten", azaldu du Jose Mari Olazabal Paxo txapelketaren sustatzaileak eta aipatu teknifikazio saioetako begiraleak.
Urtetako txapelketa bezalaxe, emakumeak palan trebatzeko entrenamenduak ere bigarrenez eskaini dituzte, eta horietan ere nabarmena izan da gorakada Paxok zehaztu duenez: "Iaz hamahiru bat neska aritu ziren, eta aurten 25 izan dira. Hori dela eta, bi taldetan banatu behar izan ditugu, eta datorren sasoirako baliteke hiru izatea, jada gerturatu zaizkigulako emakume gehiago beraiek ere parte hartu nahi dutela esateko". Egitasmoa izaten ari den arrakasta ikusita, Paxok dio klubak egin nahi duen hurrengo urratsa dela "emakume horietako batzuk federatzea, Gipuzkoako ligan lehiatzeko". Horren harira, azaldu du gomazko pilotekin jokatzen dituztela ligako partidak eta "askori beldurra ematen diela", babes bereziak behar izaten direlako.
Lagun talde zabala
Mireia Aizpuru da, hain justu, teknifikazio saioetan parte hartzen ari den pilotarietako bat; hasiera-hasieratik animatu zen, eta Urtetako txapelketako finalera ere sailkatu da Jone Iruretagoienarekin bikotea osatuta. Aizpuruk nabarmendu duenez, "emakumeek elkarrekin kirolaz gozatzeko espazioa" eman dio palak. Era berean, aitortu du "lagun talde ederra" osatu dutela, nahiz eta adin eta esparru anitzetako emakumeak diren txapelketan zein teknifikazio saioetan parte hartzen ari direnak.
Biharko finalari begira, bestalde, Aizpuruk dio "behin iritsita, irabazteko ahalegina" egingo dutela. Dena den, argi utzi du, aldi berean, ez zutela helburu horrekin izena eman: "Entrenamenduetan ikasitakoari jarraipena emateko eta lagun artean aritzeko animatu ginen parte hartzera".
Aizpuruk eta Iruretagoienak finalean aurkari izango duten bikotea ez da nolanahikoa izango; izan ere, iazko txapelketa irabazi zuen Karmele Martinez de Cabredo da aurrean izango duten pilotarietako bat. Jone Azkoagarekin arituko da aurten, eta, aitortu duenez, oso gogotsu dago horregatik: "Jonerekin osatu ohi dut bikotea beti, harekin ulertzen naiz ondoen frontoian. Iaz, ordea, min hartuta zegoen, eta beste lagun batekin jokatu nuen". Martinez de Cabredok jakinarazi du, halaber, biharko finalaren ostean elkarrekin afalduko dutela txapelketan parte hartu duten pilotari guztiek Urtetan bertan, elkartean: "Denok eramango dugu jatekoa eta edatekoa etxetik, partida denak amaitutakoan jateko. Ikustera bertaratzen direnak ere gonbidatuta daude. Txapelketa osoan etorri da jende asko, eta oso giro ederra izan dugu".
Finalak
19:00 3. eta 4. posturako lehia: Lorea eta Miren, gorriz; Saioaren eta Maialenen aurka, urdinez.
Ondoren, 1. eta 2. posturako lehia: Jone eta Karmele, gorriz; Joneren eta Mireiaren aurka, urdinez.