Zarauzko boleibol taldeek, kadete mailako Salbatore Mitxelenak eta jubenil mailako Aideanek, alegia, azpimarratzeko moduko emaitzak lortu dituzte denboraldi honetan. Salbatore Mitxelenako mutilak bigarren sailkatu ziren joan den apirilaren 13an Hernanin jokatutako Euskadiko Kopan, eta, Aideaneko neskak Gipuzkoako txapeldun izendatu zituzten joan den asteburuan. Garaikurra, ordea, asteburu honetan jasoko dute.
Zarauzko taldeko neskek Bera Beraren aurka larunbatean lortu zuten garaipenari esker irabazi dute liga. 1-3 gailendu ziren eta ezinbestekoa zuten bi seten aldeagatik irabaztea; izan ere, Hernanirekin 11na punturekin berdinduta amaitu dute liga. Zarauztarrek, ordea, set gehiago egitea lortu dute.
Datorren denboraldiari begira, klubeko arduradunek jakinarazi dute Zarautz Kirol Elkartearen izenpean lehiatuko direla, bertako kide izateko eskaera onartu baitiete. Era berean, azaldu dute jokalari faltan direla kadete mutilen talde osatzeko, eta, ondorioz, dei egin diete 12 eta 15 urte arteko gaztetxoei jokatzera animatu daitezen.
