Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko kongresua antolatu dute bihartik hasita

Jabi Gonzalez Toston 2024ko maiatzaren 22a

Ziurlan elkartearen ekimena da eta Urola Kostako Udal Elkarteen egoitzan egingo dute. Helburua da enpresei bitartekoak eskaintzea, lantokietako lan baldintzak hobetzeko.

Zarauzko Ziurlan elkarteak antolatuta, Enpresa Txiki eta Ertainetako Lan Arriskuen Prebentziorako kongresua egingo dute bihar eta etzi Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Ekimenaren bosgarren edizioa izango da eta helburua da enpresei bitartekoak eskaintzea beren lantokietako lan baldintzak hobetzeko arriskuen prebentzioaren alorrean. Horregatik,  orotariko gaiak landuko dituzte: prebentziorako araudi berria, COVID-19aren pandemian hartutako neurriak, genero ikuspegia, amiantoa... Gai horietan adituak diren profesionalek –Sindikatuetako eta Osalaneko ordezkariak, enpresariak, abokatuak...–, emango dituzte azalpenak hitzaldi edota mahai inguruetan.

Bi egunetako saioak 09:00etatik 14:00etara bitartekoak izango dira, nahiz eta atsedenaldiak ere egingo dituzten. Bihar gainera, 08:30etan jarri dute hitzordua hizlariek beren kredentzialak aurkeztu eta beharrezko dokumentazioa jaso dezaten.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide