Haurrek Santa Marinako korrika txapelketak jokatu dituzte

Julene Sorarrain 2024ko mai. 21a, 11:00

Santa Marina jaietako azken egunak ospatzen ari dira eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte festei amaiera emateko. Gaur, Santa Marina egunean, hamaiketakoa, musika emanaldia eta sardinaren ehorzketa egingo dituzte.

7 eta 10 urte bitarteko eta 11 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek Santa Marina jaietako korrika txapelketak burutu zituzten atzo. Lau lasterketa izan ziren guztira eta amaieran, garaikurren entrega egin zitzaien irabazleei baita sariak eman ere parte hartu zuten haur guztiei. Ondoren, buruhandiak auzoan zehar ibili ziren haurrekin jolasean.

Gaur, goizean goiz, urteroko meza eta Kirkilla jatetxeak eskainitako txokolate jana egin dituzte Santa Marina eguna ospatzeko. Jarraian, Arkaitz-Mendi elkarteak jubilatuentzako hamaiketakoa eskainiko du, 11:00tan. Arratsaldean zehar, haurrek eta gazteek Gauargi taldearen musika emanaldiaz gozatu ahalko dute. Eta jaiei agurra emateko, sardinaren ehorzketa egingo dute auzoko kaleetatik zehar.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide