Montetxio koruak, urtero bezala, topaketa bat antolatu du beste herrietako abesbatzekin. Aurtengoan Zarautzen egin dute hitzordua Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro koruetako abesleekin. Goizeko 10:30ean abiatu ziren tren geltokitik Musika Plazara. Herriko abestiak nahiz Imanol Urbietaren letrak entzun ahal izan ziren alde zaharreko kaleetan zehar. Topaketaren helburua da euskaraz abestea eta lagun giroan, herriari ekarpena egitea, bai kulturatik eta baita elkartasunetik ere.
Arrano elkartearen 40. urteurrena dela eta, hiru koruek bertan bazkaldu zuten. Oro har, 100 bat lagun bertaratu ziren tabernara. Bazkal ostean, kantu saio bat eskaini zuten Musika plazan. Koru bakoitzak bere errepertoriotik hiru kanta abestu zituen eta jarraian, guztiek batera azken kantuarekin, amaiera eman zioten egunari.