Trainerillen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten atzo Ondarroako uretan, eta Zarautz Arraun Elkarteko harrobiak emaitza ederra lortu zuen. Izan ere, kadete mailako neskek bigarren postua lortu zuten, Ondarroak irabazi zuen estropadan.
Ondarroarrek 8:53,06ko denborarekin helmugaratu ziren 1.750 metroko distantzia osatu ondoren, eta Zarauzko neskaka 3 segundo pasatxora iritsi ziren (8:56,28). Gainera, orpoz orpo izan zituzten hirugarren geratu ziren mutrikuarrak, eta bateratsu iritsi ziren ehuneko gutxiko aldearekin (8:56,50).
Udane Orbegozo, Ekhiñe Irureta, Nora Merino, Iratxe Irureta, Lohitzune Orbegozo eta Maddi Landak osatzen dute kadeten trainerilla, Jesus Mari Garmendia entrenatzailearen gidaripean. Bigarren postuari esker, Moañan (Galizia) jokatuko den Espainiako trainerilla txapelketan lehiatzeko txartela lortu dute.