Larunbatean jokatu ziren Donostiako Atano III.a frontoian Gipuzkoako XIV. Euskal pilota egokituko txapelketaren finalak. Bi modalitatetan jokatu ziren finalak, gurpildun aulkian gomazko paletan batetik, eta adimen urritasuna duten pilotariena, teniseko paletan bestetik. Azken honetan eskualdeko bost pilotari kantxaratu ziren txapelaren bila: Zumaiako Kirol Elkarteko hiru eta Zarauzko Kirol Elkarteko pilota ataleko bi. Partida ederrak ikusteko aukera izan zuten larunbat goizean Donostiako frontoira gerturatu ziren pilotazaleek.
Lehen norgehiagokan, liga gorriko finalean, Iñaki Divasson zarauztarrak eta Leire Esnal zumaiarrak Sheila Cueto eta Xabier Villar zarauztarrak osatutako bikotearen aurka aritu ziren. Esnal izan zen partidaren zama eraman zuen pilotaria eta Divassonen laguntzaz ederki eutsi dio Villar zarauztarraren pilotakadei. Ia partida osoan joan ziren zumaiarra eta zarauztarra aurretik eta distantzia ongi kudeatzen jakin zuen bikote gorriak. Bukaerako emaitza 25-18koa izan da.
Hirugarren partidan –bien artean gurpildun aulkiko finala jokatu zen– Zumaiako Pilota Elkarteko Luis Zulaika eta Jurdan Arakistain elkarren aurka aritu ziren, lehenengoa Eneko Sagarmendi lagun zuela eta bigarrenak Erik Gaton. Partidaren lehen erdia oso parekatua izan zen, 14-12 tantotara heldu ziren arte. Arakistainek oso hutsegite gutxi egin zituen atzealdean partida osoan zehar eta Sagarmendik aurrean arriskatu behar izan zuen. Arriskatu eta lortu, izan ere, bera izan zen partida honetako izarra. Oso akats gutxirekin tanto asko egin zituen Errenteriako pilotariak. Gatonek asko arriskatu zuen; lehen zatian tanto asko egin zituen, baina bigarrenean ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera eta 11 eta 2ko partziala egin zuten; 25-14 emaitzarekin bukatu zen partida.
Aipamen berezia merezi du Luis Zulaika pilotariak. Adinak giharrak gogortzen dizkigun arren, berea izan zen goizeko tantorik ederrena; Gatonen bi pareta bat harrapatzeko lurrera salto egin zuen Zulaikak eta txapa gainean moztuz egin zuen tantoa. Aulkietatik jaiki zen ikuslegoak txalo zaparrada ederra eskaini zion.