Musika, kirola eta festa giroa nagusi Santa Marina jaietan

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 19a, 15:00

Azken egunotan Santa Marina jaiak ari dira ospatzen festen izen bera daraman Zarauzko kalean, eta askotariko ekitaldiak izan dira ostiralaz geroztik. Tortilla patata lehiaketaz, musika emanaldiez nahiz dantza ikuskizunaz gozatu dute bertaratutakoek, besteak beste.

Ostiralaz geroztik, Santa Marina jaiak ari dira ospatzen festen izen bera daraman Zarauzko kalean eta inguruetan. Danborradarekin lehertu zen festa, eta asteburu osoan zehar, askotariko ekitaldiak izan dira.

Atzo, larunbata, kirolerako, dantzarako nahiz musikaz gozatzeko beta hartu zuten bertaratutakoek. Pilota txapelketaren finalak jokatu ziren lehenbizi, Jalgi dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen goizean zehar, patata tortilla lehiaketan kozinatzeko abilezia erakutsi zuten gero bizilagunek, eta egunari amaiera emateko, Elektrotxufla elektrotxarangaren eta Itzal musika taldearen emanaldiak izan ziren. 

Gaur, berriz, Arrai-Zopa lagun taldeak kantujira egin du kaleetan zehar goizez, eta eguerdi partean, herri kirol erakustaldia izan da. Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak eta Maddi Gesalaga eta Naroa Arruti harri jasotzaileek parte hartu dute, eta zale ugari gerturatu dira kirolariei animoak eman eta ikuskizunaz gozatzera. Zarautz Trik elkarteak girotuta, parrillan eginiko jakiak dastatzeko aukera izan da gero. 

Bihar ere izango da Santa Marinan zer gozatua, egun handia asteartea izango den arren. Hona hemen egitaraua:

Bihar, astelehena
17:00.
 Santa Marinako korrika txapelketak jokatuko dituzte. Kategoriak kontuan izanda, hurrenkera honetan izango dira lasterketak: 11 eta 14 urte bitarteko neskak; 11 eta 14 urte bitarteko mutilak; 7 eta 10 urte bitarteko neskak; eta 7 eta 10 urte bitarteko mutilak.
Ondoren, buruhandiak auzoan zehar ibiliko dira.

Etzi, asteartea. Santa Marina eguna
08:30.
 Kanpai errepika eta suziriak Santa Marina eguna iragarriz. Ordu berean, meza nagusia izango da Santa Marina ermitan. Era berean, Goizeko Ihintza txistulariak kaleak girotzen ariko dira.
Jarraian, Kirkilla jatetxeak eskainitako txokolate jana, eta trikitilariak auzoan zehar.
11:00. Urtero bezala, jubilatuentzat hamaiketakoa Arkaitz-Mendi elkartean.
18:00-20:00. Gauargi taldearen emanaldia gazteentzat eta haurrentzat.
Jarraian, Santa Marina jaietako boletoen zozketa eta urdaiazpiko apustuaren irabazlea iragarriko dituzte.
Ondoren, festei amaiera emateko, sardinaren ehorzketa egingo dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide