Amenabar Zarautzek lehenengo aldiz galdu du etxean denboraldi honetan. Akaso izango zuen eraginik kanpoko partidetan erabili ohi duen elastiko beltzarekin jokatu izanak; zeren zalegoa alde izan du. Partida osoan aritu da bultzaka, nahiz eta ezinean ari zen Amenabar. Presaka jokatu du gaurkoan, estututa, eta, hala, aise menderatu du Granollersen bigarren taldeak: 28-35.
Hasiera-hasieratik aurreratu da aurkaria eta berehala lortu du errenta handia. Neurketako lehenengo hamar minutuak oraindik bete gabe zirela, 1-6 zen aurretik Granollers. Amenabarrek izan ditu bolada onak ere, eta, lortu du aldea murriztea tarteka, baina kataluniarrak nagusi ziren gaur eta atsedenaldira iristerako zortzi gol aurretik ziren (10-18).
Bigarren zatian ahaleginak eta bi egin ditu etxeko taldeak, baina gaur ez zen bere eguna. Hori horrela, aldea zabaltzen jarraitu du harmailen presioaren aurrean kikildu ez den Kataluniako talde gazteak eta 11 goleko errenta izatera iritsi da. Amaieran, berriro, estutu du etxeko taldeak markagailua itxuratu nahian, baina aldea zazpira goletara murriztea lortu du soilik.
Cordobak ere etxean jokatuko du bihar
Amenabarren gaurko porrotak zaildu egin ditu Zilarrezko Mailara itzultzeko lanak. Nolanahi ere, dena ez dago galduta, eta etxeko taldeak baditu oraindik mailaz igotzeko aukerak. Erabatekoa da parekotasuna talde guztien artean; izan ere, bina puntu dituzte Zarauzko fasean parte hartzen ari diren lau taldeak.
Hala, Granollersek bihar ez irabaztea eta Amenabarrek berak San Cugaten aurka jokatuko duen partida irabaztea behar du etxeko taldeak fasea irabazi eta mailaz igotzeko. Bada, Granollersek Cordobaren aurka jokatuko du eta andaluziarrek alde izango dute. Gaur hala izan dute, gainera, Sant Cugatek galtzea komeni zitzaielako etxekoei, eta baita lortu ere: 30-28 gailendu Cordoba.