Borrokatutako garaipenarekin ekin dio Amenabar Zarautzek eskubaloiko Lehenengo Maila Nazionaletik Zilarrezko Mailara jauzi egiteko igoera faseari. Gol askokoa bezain estua izan zen neurketa, eta, hala erakusten du partida amaierako markagailuaren emaitzak ere: 40-39. Dena den, aski da gol bakarraren aldeaz irabaztea bi puntuak poltsikoratzeko.
Hain justu, zaleen aurrean jokatzearen abantailak desorekatu zuen atzo iluntzeko neurketa; izan ere, goraino bete zituzten harmailak taldeko jarraitzaileek, eta beren animo oihuek hauspotu zuen Amenabar Kordobako (Andaluzia, Espainia) aurkariek estu hartu zutenean. Sekulako burrunba sortu zuten taldeak sartutako gol bakoitza eta defentsan berreskuratutako baloi bakoitza ospatzean. Jokalariei erreparatuta Alberto Agirrezabalagak eta Oihan Balentziagak egin zuten ekarpenik handiena 12 eta 9 gol sartuta, hurrenez hurren.
Lehenengo nahiz bigarren zatian andaluziarrek hobeto ekin zioten, baina etxekoek lasaitasunari eusten jakin zuten. Atsedenaldira etxekoak 19-18 aurretik iritsi baziren ere, bigarren zati hasieran berriro hartu zuen aurre Cordobak, baina zalegoaren bultzadarekin galdutako errenta berreskuratu ez ezik hiru goleko abantaila ere lortu zuen Amenabarrek. Partida amaiera, ordea, luzea egin zitzaion eta atzera berriro gerturatu ziren andaluziarrak. Partida berdintzeko aukera ere izan zuten azken baloi jabetzarekin, baina eusten jakin zuten etxekoek.
Katalanen arteko neurketa ere orekatua
Gaur Granollersen bigarren taldea izango du kontrario Amenabarrek 19:30ean hasita, eta, hori ere ez da samurra izango, nahiz eta atzoko partida galdu zuen. Talde katalanen artekoa izan zen igoera fasea inauguratzeko neurketa, eta, hura ere estua oso: 25-24 gailendu zen Sant Cugat atzekoz aurrerako partida eginda; izan ere, lehenengo zatian Granollers izan zen jaun eta jabe.
Sant Cugaten garaipenean ere zaleen bultzadak zer esana izan zuen. 50 lagunetik gora etorri dira Kataluniatik partida osoan aritu ziren kantuan. Zentzu horretan azpimarratzekoa da lehen zatian taldea 8 goleko aldeaz galtzen ari zirenean ere ez zirela desanimatu. 11-16ko emaitzarekin heldu ziren, azkenean, atsedenaldira eta bigarren zatian bestelako aldartearekin ekin zioten. Berehala lortu zuten partida orekatzea, eta, aurre hartutakoan, ez zioten garaipenari ihes egiten utzi.