Euskara irakaslea, ikerlaria eta Euskal Australiar Elkarteko kide eta idazkaria da Esther Korta (Ea, Bizkaia, 1966). Euskal tradizioen, kulturaren, toponimiaren eta diasporaren esparruan hainbat lan egindakoa da. Euskaldunak Australian erakusketa ibiltariaren komisarioa da, eta joan ziren haietako baten alaba.
Gertukoa egiten zaizu emigrazioaren gaia, ezta?
Aita kanabera ebakitzailea izan zen Australian, eta amaren familia ia dena Ameriketara joan zen artzain: birraitona lehenengo, aitona hurrena, eta osaba ere bai —Idahon bizi da gaur egun, AEBetan—.
Zer ikusiko du erakusketara doanak?
Helburua da, Australiako diasporaren berri emateaz gain, sentimenduak eragitea. Erakusketa guztiz hunkigarria da. Batez ere, han izan eta oraindik bizi direnentzat, eta haien ondorengoentzat. Baina edonorentzat izan liteke hunkigarria, argazkiak mimoz aukeratuta daudelako, eta hunkigarriak direlako.
Nola dago antolatuta?
Hamar panel dira. Ibilbide bat da Australiako diaspora hori ezagutzeko, hara joan ziren gizonek eta emakumeek zer bizimodu izan zuten jakiteko.
Ez ote da ezezagunagoa Australiara joandakoen historia Ameriketara joan zirenena baino?
Hala da. Ameriketakoa asko ikertu da, eta asko azaleratu. Australiakoa ere ikertu da, baina ezkutuagoan-edo gelditu da, eta ez da horrenbeste zabaldu.
Zuen lana hori izan da?
Euskal Australiar Elkartea sortu genuen lehenengo. Eusko Jaurlaritzarekin eta unibertsitatearekin elkarlanean, handik bueltatu zirenen ahozko lekukotzak batu genituen gero —nire aitarena, tartean—. Asko joan egin zaizkigu, baina lekukotza horiek guztiak gordeta daude artxiboan. Dokumentuak eta argazkiak ere bai. Pentsatu genuen: «Hau ezagutzera eman behar dugu».