Museoen Nazioarteko Eguna da larunbatean, maiatzaren 18an, eta Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde lelo hartuta ospatuko dute egun hori aurten. Gipuzkoako hainbat museok bat egin dute ospakizun egunarekin, tartean Photomuseumek, eta asteazkenean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak egun horri lotutako egitaraua. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Goizane Alvarezek eta Kulturako zuzendariak parte hartu zuten, baita ere beste hainbat museotako ordezkariekin batera Zestoako Ekainberriko, Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoko eta Zarauzko Photomuseumeko ordezkariek ere.
"Gipuzkoak bat egiten du Museoen Nazioarteko Egunarekin; egun hori mundu osoan ospatzen da 1977. urteaz geroztik, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren Batzar Nagusiak erabakitakoari jarraituz", jakinarazi zuen Alvarezek, eta, horretarako, Gipuzkoako museoek "era guztietako programazioa" antolatu dute, lurraldeko museoetan "arreta jartzea" helburu hartuta.
Museoz museo
Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan, Getariako Cristobal Balenciaga museoan, Zarauzko Photomuseumen eta Zestoako Ekainberrin antolatu dituzte ekintza bereziak Museoen Nazioarteko Egunari lotuta:
- Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak igandean, maiatzaren 19an ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Museoa 10:30etik 14:00etara irekita egongo da, eta tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko dizkie bisitariei. Honako hauek izango dira antolatuko dituzten zerbitzu bereziak: 11:00etan, Vasco-Asturiano tren konpainiako 1004 diesel lokomotora aterako da, Alsthom enpresak 1965ean Tarben eraikia; 12:00etan, Ferrocarriles Vascongadoseko Euzkadi lurrun lokomotorak –Kraussek Munichen 1920an eraiki zuenak– museotik Lasaora joan-etorria egingo du; eta, 13:00etan, Amorebietatik Gernikarako treneko Zugastieta lurrun lokomotoraren txanda izango da –Sharp Stewartek eraiki zuen hori Glasgown, 1888an–.
- Getariako Cristobal Balenciaga Museoak, maiatzaren 18an, aukera emango du Balenciaga.Izaera eta Chillida Balenciaga. Forma Tolesten erakusketara doan sartzeko, 11:00etatik 18:30era bitartean, eta edukiera bete arte. Horrez gain, doako bi tailer ere eskainiko ditu museoak, 6 eta 14 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako. Tailerretarako plazak izen ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dituzte, eta izena emateko azkenengo eguna gaur izango da.
- Zarauzko Photomuseumerako sarrera maiatzaren 18an, larunbatean, doan izango da, eta bisita gidatuak egingo dituzte, bai goizez 10:00etan (euskaraz) eta bai arratsaldez 17:30ean (gaztelaniaz). Bisita gidatuetan parte hartzeko 943-13 09 06 telefono zenbakira deituta eman behar da izena.
- Zestoako Ekainberrin, bisitarien artean arrakasta handiena duen jardueretako bat berreskuratu dute martxoaren 18an, larunbatean. 1969an Ekain kobazuloa aurkitu zuteneko atmosfera berregin nahi dute, eta horretarako, argiak itzaliko dituzte. Era horretan, bisitariak arkeologo eta espeleologo bihurtuko dira, eta zaldi multzo handia, bisontearen marrazkia eta hartzarena lehenengo aldiz ikusi zituztenen antzeko sentsazioak biziko dituzte bisitariek, izan ere, Ekaingo kobazuloa Europako historiaurreko santutegi nagusienetako bat da.