Behatxuloa

GUKAstekaren bizigaia

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 16a, 15:17

GUKAko langile Leire Martija, Aritz Mutiozabal eta Amaia Izagirre. (Kris Fernandez)

Guka Zarautz atari digitaleko erredaktoreburu Aritz Mutiozabalen iritzi artikulua, bere kazetari ibilbideari eta GUKAstekari buruz.

Unibertsitateko ikasketetan, gure garaian behintzat, ez zegoen irakasgairik tokiko hedabideen funtzionamendua, garrantzia eta erreferentzialtasuna jorratzen zuenik. Ez trinkorik, ezta hautazkorik ere. Tokiko hedabideak –etxeko aldizkariak, azken finean– esperientzia hartzeko lehen plaza ziren ikasleontzat, kazetari zinela sinisten hasteko erakusleihoak. Zarautzen Txaparro sortu zuten 2001ean, euskara hutsezko herriko lehen aldizkaria, eta nire lehen artikuluak eta elkarrizketak bertan argitaratu ziren.

Gazteak anbizioa du eta gora egiten du tiro: Euskaldunon Egunkaria, Euskadi Irratia, Gara, Euskal Telebista, Argia, Euskadi Gaztea... Aldez edo moldez, horietako batean egin nahi genituen praktikak, eta dena eman, kazetari senari bide emanez, egindako guztiak Rikardo Arregi sarietako balioko balu bezala. Nazioarteko gaiez arduratuko naiz, kirol esatari izan naiz dut, politikan aditu den kazetaria ni, kulturako erredaktoreburu izatera iritsiko naiz... Gutxi batzuk lortu zuten, bai. Beste batzuk, berriz, haien artikuluak irakurtzera edo erreportajeak ikus-entzutera pasatu ginen, nekrologiketako eskela bizidun gisa: Gaur kazetari bat hil da, 25 urte zituela.

Amore ematera nindoala, sekula ahaztuko ez dudan dei bat jaso nuen. Metafora martziano bat egitearren: Rocky odolez blai dago ring gainean, eta bere koinatua toalla botatzera doa, baina une horretan kanpaiak jotzen du. Mugikorreko tonuak salbatu ninduen, eta batik bat deiak zekarren proposamenak: Urola Kostako Hitzak lan eskaintza egin zidan. Eskualdeko euskarazko egunkaria bi urte lehenago sortu zen, eta jada erreferente zen herriz herri. Urduritasunak urduritasun, ez zitzaidan zaila egin lankideen martxara egokitzea.

Harrezkero, hemezortzi urte pasatu dira, eta etxe honetan ia denetik egin dudala esango nuke: erredaktore lanak, zierrea, maketatu, zuzendu, bideoak grabatu eta editatu, Sasoian aldizkariaz arduratu, Zarauzko Hitza atari digitala sortzen... Modu kooperatiboan lan egiteak dakarren konfiantza, aniztasuna eta baliabide aukera zabala.

Baina gauza guztien gainetik herriari eta herritarrei sor diezun errespetua litzateke oinarririk nagusiena, eta begirune horretatik abiatuta, ahalik eta txukunen eta zabalen informatzea. Zarauzko komunikazio bide erreferentea izatea, eta horregatik garai berrietara egokitzen jakin dugu: ikus-entzunezko arloan, sare sozialen esparruan, marketin estrategian.... Ez hori bakarrik, Guka izenaren baitan barnebildu gara Urola Kostako tokiko hedabideok, elkarren indarrak batuta, lantalde dinamiko bezain kualifikatua osatuz. Edozein erronkari aurre egiteko prest!

Gukak etorkizunera begiratzen du, oso urrutira begira jarrita baitauka xedea, eta horrek gaztetan neukan anbizioaren har nekaezina suspertu dit. Are gehiago aurkeztera goazen GUKAsteka aldizkari digital hau martxan jartzera goazen honetan. Zarautzek tokiko astekaria izango du berriro ere, eta egungo garaietara egokitutako produktua izango da; honakoa lehen zenbakia da, eta maiztasunez uztailean ekingo diogu.

GUKAstekaren arrakasta gure eta zure, irakurle fidel horren artean dago. Hasieratik hor egon gara eta elkarrekin joan gara hazten. Izen, marka eta logo ezberdinak izan ditugu, eta euskarri ezberdinetan nahiz plataforma ezberdinetan kontsumitu gaituzue. Orain "Guka gara!" eta aurrerantzean zuen mugikorrera, ordenagailuetara eta tabletetara heldu nahi dugu asteka-asteka. Herrigintzaren eta euskalgintzaren izarren hautsa delako tokiko hedabide batentzako erregai nagusia, GUKAstekaren bizigaia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide