Maiatzaren 17a LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Parekidetasun sailak ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu. Genero aniztasunari ikusgarritasuna emateko eta guztion eskubideak aldarrikatzeko, ortzadarrak zabaldu dituzte herrian zehar: errepidearen azpiko pasabidean, Torre Luzean eta Emakumeen Etxearen plazako eserlekuetan, baita ikastetxetako patioetan ere, Hezkidetza Foroarekin elkarlanean.
“Ortzadar bandera askatasun sexualaren sinbolo bihurtu da. Askatasun sexual horrek, konplexurik gabe eta harrotasunez beti izan behar duela defendatzen dugu, edozein pertsonaren eskubidea da eta", nabarmendu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.
Urtero bezala, Hezkidetza Foroaren barruan, Naizena naizela onartua pankartak jarri dituzte ikastetxe guztietan eta udaletxeko balkoian. Zarautzen ez ezik, gauza bera egingo dute Getarian, Orion eta Zumaian ere.
Edurne Iribar Hezkidetza Foroko koordinatzaileak azaldu du aurten ere Hezkidetza Foroa osatzen duten herrietako ikastetxeetan LGTBIQ+ fobiaren inguruko jarduerak egingo dituztela. Helburua da "denon artean pertsona guztien errespetua, berdintasuna eta askatasuna sustatzea, sexu-orientazioa, identitatea edo genero-adierazpena edozein dela ere", azpimarratu du Iribarrek.
Sexu identitatea taula gainean
Aurten, egun honen barruan, Erreka Mari antzerki obra eskainiko dute Modelo aretoan, 20:00etatik aurrera. Sarrerak 6 balio du eta Modeloko leihatilan edota Kutxabanken atari digitalean eros daitezke. Egoitz Sanchez da antzezlanaren protagonista, eta zuzendariak, berriz, Javier Lara eta Natalia Huarte dira.
Erreka Mari ikuskizun oniriko kopleroa da, maskulinitateaz, bullingaz eta sexu-identitateaz hitz egiten duen material autobiografikoan oinarritutako fikzioa. Ikuskizun honetan galderak egiten zaizkio jendeari: norainoko askatasuna geratzen zaigu arauaren barruan?
Honez gain, datorren ekainaren 13an, Naizen elkartearen eskutik, Hikiru taldearen Trans-formatzen dokumentala proiektatuko dute Emakumeen Etxean; ondoren, Naizen elkarteko kideek bere bizipena partekatuko dute baita solasaldi bat eskaini ere.