Eguraldia lagun, hamarnaka lagun bildu dira eguerdi partean Meaga auzoan San Isidro eguna ospatzeko. Gehienak auzotarrak izanik ere, inguruko herrietako bizilagunen bisita ere jaso dute gustura aritu dira jan edanean, Gazte Alaiak txistulariek girotuta. Auzoko elkartean bildu dira guztiak txakolina dastatzeko, batetik, eta, haragi eta txorizo egosi nahiz parrilan erretako txerriki mokadutxoak jateko, bestetik. Aurrez, prozesioa eta meza izan dituzte ermitan eta herritar ugari bertaratu da santua agurtzeko eta gurutzeari musu emateko.
Hamaiketakoa atzean utzita, datozen orduetan ere luzatuko dute festa. Hala, auzoko adinduen bazkaria egingo dute Azkue hotelean 14:30ean eta dantzarako beta izango dute 22:00etatik aurrera elkartean, atzera berriro. Izer eta Alabierrek eskainiko dute erromeria.