Udaleku irekietarako aurrematrikulazio epea zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 15a, 13:30

Hainbat haur jolasean, udalak antolatutako udaleku irekietan. (Zarauzko Udala)

HH 5etik eta LH 6ra bitarteko haurrei daude zuzenduta eta online formularioa beteta nahiz aurrez aurre, Gaztelekuan, eman dezakete izena interesdunek, gaur zortzi arte. Hiru aukera eskainiko dituzte: uztaila osorako, abuztuko lehenengo bi asteetarako eta hilabete eta erdirako.

Zarauzko Udalak uztailean eta abuztuan eskainiko dituen udaleku irekietan izena emateko aurrematrikulazio epea zabaldu du. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitarteko ikasleei daude zuzenduta eta haien guraso edo tutoreek gaurtik maiatzaren 22a, asteazkena, arte dute inskripzioak egiteko. Online egin ditzakete, lotura honetan, baita aurrez aurre ere, Gaztelekuan, 07:00etatik 15:00etara bitartekoa da, goizez, eta, 16:30etik 19:30era bitartekoa, arratsaldez.

Udalak zehaztu du, halaber, Orokieta herri eskolan egingo dituztela udalekuak 09:30etik 13:00etara, eta, hiru aukera eskainiko dituela: uztailaren 1etik 30era, abuzturen 1etik 14ra eta uztailaren 1etik abuztuaren 14ra. Lehenengoak 102,78 euro balio ditu, bigarrenak 51,91 eta azkenak 154,69.

Horrez gain, azaldu du 320 plaza eskainiko dituela uztailerako eta 80 abuzturako. Kopuruok gaindituz gero, zozketa egingo dute maiatzaren 24an. Nolanahi ere, hizkuntza behar bereziak dituzten haurrek sarbide zuzena izango dutela jakinarazi du udalak, ikasturtean zehar euskararen ezagutza edo erabilera sustatzeko programaren batean parte hartu badute, beti ere. Haiekin batera, zaurgarritasun egoeran dauden haurrek eta dibertsitate funtzionala dutenek ere sarbide zuzena izango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide