Nadia Erostarbe hirugarren sailkatu da, azkenean, Sydneyko CS proban

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 15a, 09:30

Nadia Erostarbe Sydneyen jokatutako CS probako finalaurrekoan. (WSL)

Surflari zarauztarrak ezin izan du Erin Brooks kanadarra kanporatu finalaurrekoan. Nolanahi ere, lortutako emaitzari esker zirkuituaren sailkapen orokorreko laugarren postuan kokatu da.

Nadia Erostarbe Surflari zarauztarrak Challenger Series munduko zirkuituko proba batean inoiz lortu duen emaitzarik onena berdindu du Sydneyko (Australi) txapelketan. Hirugarren sailkatu da finalaurrekora iritsi ondoren.

Erin Brooks kanadarra izan da, beste behin, zarauztarra kanporatu duena. Azken urtean hiru bider neurtu dituzte indarrak bi surflariek CS zirkuituan eta hiruretan kanadarra gailendu da. Azkenengoan nagusitasunez egin zuen, gainera; izan ere, hamar puntutik gorako aldea atera zion Erostarberi. Brooksek 16,57 puntu bildu zituen bi olatu onenak aintzat hartuta eta Erostarbek 6,16 baino ez. Txapelketa bikaina osatu ondoren puntuaziorik txikiena finalaurrekoan lortu zuen zarauztarrak.

Gerora, bigarren sailkatu zuen kanadarra, Isabella Nichols australiarraren aurka jokatutako finala galdu baitzuen. Nolanahi ere, Australian bertan jokatutako CS zirkuituko aurreko proba irabazi zuenez, sailkapen orokorreko buruan jarraitzen du.

Zirkuitua osatzen duten sei probetatik lehenengo biak jokatu dituzte orain arte, eta lau emaitzarik onenak hartuko dituzte aintzat denboraldi amaierako behin betiko sailkapena osatzeko. Bost surflari onenak Champinship Tourrera sailkatzea lortuko dute, surfaren gorengo maila, eta Erostarbe laugarren dago sailkatuta, behin behinean. Iaz, gutxigatik ez zen CTra sailkatu zarauztarra. Lau probatan lehiatu zen soilik eta zortzigarren postuan amaitu zuen zirkuitua.