Hiru lagun atxilotu dituzte Araba kaleko eraikin batean

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 14a, 17:20

15:30 eta 16:10 bitartean iraun du gertakariak, eta sekulako dispositiboa jarri dute martxan ertzainek. Ikerketa martxan dagoela azaldu du Segurtasun Sailak.

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu gaur arratsaldean Araba kaleko 24. zenbakiko eraikin barruan, Zarauzko Hitza GUKAko bulegoaren parean, hain justu ere. Agenteek 15:30 aldera jarri dute martxan dispositiboa: bost autok eta furgoneta batek hartu dituzte kaleko bi aldeak, trafikoa eragotzi gabe, eta ataria ertzainez bete da.

Denbora tarte baten ondoren, ateak indarrez zabaltzeko erremintekin sartu dira eraikinera, eta jarraian, ertzainen autoak atariraino hurbildu dira. Minutu batzuk geroago, lehen atxilotua jaitsi dute etxebizitzatik eta sartu dute autoan; handik gutxira gauza bera egin dute bigarren atxilotuarekin, baina honakoa bigarren auto batean sartu dute. Dispositiboa amaitutzat zegoela ematen zuenean, hirugarren atxilotu bat eraman dute aurrekoen modu berean. Gertakariak 40 minutu pasatxo iraun du.

Segurtasun Sailak baieztatu du hiru lagun atxilotu dituztela, baina zergatien eta motiboen berri ez du ezer jakinarazi. Ikerketa martxan dagoela adierazi du, eta bien bitartean, ez dutela argibide gehiago emango.

Argazkiak: Jabi Gonzalez Toston

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide