Amenabarren igoera fasea

Eskubaloi festa handia espero dute asteburuan Aritzbatalden

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 14a, 13:00

Ezkerretik hasita, Mikel Beristain Amenabarreko kapitaina, Inaxio Illarramendi zinegotzia, Mikel Alzaga Amenabarreko entrenatzailea, Irene Iribar ZKE Eskubaloiko presidentea eta Paulo Ostolaza atezaina. (Jabi Gonzalez Toston)

Kiroldegia betetzearekin batera maila igoera ospatzea espero dute ZKEko arduradunek. 120 boluntario inguru arituko dira lanean ostiraletik igandera bitartean.

Zarautz Kirol Elkartearen eskubaloiko ataleko arduradunak buru-belarri ari dira lanean egunotan dena prest izateko ostiraletik aurrera Aritzbatalde kiroldegiak hartuko duen igoera faserako; izan ere, jendetza espero dute. Ostegunean zabalduko dute aurrez aurreko salmenta kiroldegiko leihatilan –25 euro balio ditu sei partidak ikusteko bonu arruntak–, 19:00etatik 20:00etara, baina Irene Iribar presidenteak Aritzbatalden bertan atzo egindako aurkezpenean zehaztu zuenez, "370 bazkidek baino gehiagok" dagoeneko erosi dituzte. Gainera, bisitarien aldetik eskaera handia ari da izaten: "800 lagunentzako edukiera dugu eta behartuta gaude talde bakoitzari 80 sarrera ahalbidetzera. Bada, Sant Cugat taldearen eskaera hori baino handiagoa izan da, ehun lagun inguru etorriko direlako handik". 

Iribarrek azaldu zuen, halaber, klubak ahalegina egin duela pantaila handiak jartzekoa pilotalekuan sarrerarik gabe geratzen diren zaleek partidak jarraitzeko aukera izan dezaten, baina azkenean ez dela posible izan "herri arteko pilota txapelketarekin bat egingo duelako". Dena den, presidenteak adierazi zuen telebista jartzeko asmoa dutela kiroldegi kanpoan zabalduko duten tabernan, eta, ohi bezala streaming bidez ere emango dituztela partida guztiak.

Horrez gain, zehaztu zuen tabernan nahiz kiroldegi barruan musu truk lanean arituko direnen artean 120 bat boluntarioko taldea osatuko dutela eta esker oneko hitzak izan zituen guztientzat. "Fasea Zarautzera ekartzea posible egin dutenei" ere eman zizkien eskerrak, aldi berean, erakunde publikoei eta gizonezkoen taldeko babesle nagusiei; Amenabarri eta Gran Camping Zarautz, alegia. Zentzu horretan zehaztu zuen 37.000 euroko inbertsioa egin behar izan dutela fasea antolatzeko eta erdia baino gehiago Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak ordaindu dutela.

Azken horren haria, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak azpimarratu du udalak eta aldundiak "apustua" egin dutela igoera fasea Zarautzera ekartzeko, ikusi dutelako "aukera paregabea dela zarauztarrek eskubaloiaz gozatzeko" Horrez gain, Illarramendik adierazi du taldeak egindako denboraldiaren ondoren, "oso gertu duela zilarrezko mailara igotzea atzera berriro".

"Zilarra da gure maila"

Mikel Alzga taldeko entrenatzailea ere itxaropentsu mintzatu zen Amenabarren balizko igoerari begira: "Etxean jokatuko dugu eta zaleak alde izateak asko emango digu". Halaber, "aurkari gogorrenak saihestu" dituztela nabarmendu zuen, nahiz eta aurrean izango dituztenak ere ez diren nolanahikoak. Zentzu horretan, aitortu zuen lehenengoak, Cordobak, kezkatzen duela gehien.

Iribar presidenteak, bere aldetik, adierazi du "bultzada handia" litzatekeela Espainiako bigarren kategoriara itzultzea iazko jaitsieraren ondoren: "Uste dut gizonezkoen talde nagusiaren maila zilarrezkoa dela eta garrantzitsua litzateke bertara itzultzea, nahiz eta buru hauste handiak ekarriko dizkigun gero".

Azken horren harira, klubeko arduradunek azaldu zuten, taldeak maila galdu zuenetik asko profesionalizatu dela liga eta orain talde guztiak behartuta daudela jokalariei kontratuak egitera. Amenabarrek sekula ez du horrela jardun beharrik izan orain arte, eta igoera lortuko balu, egin derrigortuta legoke. Dena den, Iribarrek aitortu du zilarrezko mailak klubeko diru iturriak handituko lituzkeela: "Gipuzkoako bigarren taldea izango ginateke Bidasoaren ondoren, atzera berriro, eta, ondorioz, Aldundiak diru laguntza handituko ligute. Horrez gain, babesleak lortzea errazagoa izango da. Harriko taldea da gurea, 23.000 biztanle inguru ditu Zarautzek eta bertako jokalariak dira ia guztiak. Oso harro gaude dugun taldeaz eta harrobiaz".

Partiden ordutegiak:

Maiatzak 17, ostirala
17:30.
Sant Cugat - Granollers
19:30. Amenabar ZKE - Cordoba

Maiatzak 18, larunbata
17:30.
Cordoba - Sant Cugat
19:30.
Amenabar ZKE - Granollers

Maiatzak 19, igandea
10:30.
Granollers - Cordoba
12:30.
Amenabar ZKE - Sant Cugat

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide