Amatxilili plaza

'Azukarera del Ebro', gazte sortzaileen erakusleihoa

Julene Sorarrain 2024ko maiatzaren 13a

Bi gazte Josu BasaƱezen ilustrazioak ikusten.

Herri txiki bateko talentu handia zabaltzeko asmotan, zortzi gaztek beraien lana erakutsarazteko egitasmo bat sortu dute. Azukarera del Ebro gazte sortzaileen erakusleihoa da, artea eta musika bateratzen dituena.

Aurreko hilabetean antolatu zuten lehenengo edizioa eta hainbat herritar gerturatu ziren Ebro-Etxera gazteen proposamenak ikustera. Erakusketaz gain, Markel Velezen (Darrk Studio) azken diseinuen desfilea ere egin zuten, Bermuda Kolektiboko Anwolt eta Xiarroman DJ-ek arratsaldea girotzen zuten bitartean.

“Urte batzuk goaz Zarautzen artearen munduko jendearen sorkuntzak ikusten. Izan ere, gazteei zuzendutako ekitaldiak oso mugatuak dira eta are gutxiago autogestionatuak direnak. Gure herriaren identitatea erakusteko asmotan, aurrerapauso bat dela uste dugu horrelako egitasmoak antolatzea. Herriak ikusi dezan jende gazteak talentua duela”, azpimarratu du Gorka Lizasok, Azukarera del Ebroko sortzaileetako batek.

Ebro-Etxeak izena 1980ko hamarkadan Azucarera del Ebro enpresako langileen seme-alaben udaleku izateari zor dio. “Eguneko ekitaldi bat egin nahi genuen, herritar guztientzat erakargarria izango zena. Ebro-Etxea potentzial handia duen eremu bat dela pentsatu genuen. Jende askok ezagutzen ez duen leku publiko bati etekina atera nahi genion, leku horri beste bizitza bat eman”, azaldu dute egitasmoko kideek.

Egitasmoaren kontzeptua

Kartelaren diseinuan pentsatzerakoan, Alex Moro diseinatzaileak jendea erakartzeko eta interesa pizteko “konposizio harrigarri bat” sortu nahi zuela azaldu du. Hala nola, tipografia handia, testu asko eta irudi fosforitoak erabili ditu sortu dituen hiru kartel ezberdinetan. Egitasmoaren kontzeptuan sakonduz, Art Brut mugimendua hartu zuen abiapuntutzat: “Jean Dubuffetek eta arte kritikari batzuk sortutako korrontea da. Mugimendu honen jarraitzaileek muga sozial eta kulturaletatik sortzen zuten, arte amateur bezala ere definitzen zuten beraien lana", azaldu du Morok. 

'Azukarera del Ebro' ekitaldiko kartela.

Karteletan Barbus Müller eskultura sortan oinarritutako irudiak erabili ditu, itxura primitibo eta aldi berean garaikidea dituzten piezak hain zuzen. “Bildumagile batek erosi zituen enkante batean, 1900 urte amaieran. Hasieran egilea ezezaguna zen. Geroago, nekazari autodidakta bat zela jakin zuten. Atzerrian zerbitzu militarra egin ostean, etxera itzuli eta piezak bere kasa egitea erabaki zuen, bertan ikusitako eskulturetatik abiatuta”, azaldu du Morok. +++

Proposamen zabala

Diziplina ezberdinetako artelanak ikusi ahal izan ziren erakusketan. Besteak beste, Josu Basañezen eta Josu Larrearen ilustrazioak, June Erostarberen eta Gorka Lizasoren argazkiak, Alex Mororen kartelgintza, Markel Velezen eta Alvaro Azkueren arropa diseinuak eta Oihana Zelaiaren arkitekturako proiektua.

Zelaiak Azukareran aurkeztu zituen bere proiektuaren lehen bi prototipoak. Bere obra Gipuzkoako 20 eraikin brutalista eta industrialek osatzen duten katalogo bat da. Bertan, erakin bakoitzaren fatxaden analisia burutu du, eta analisi horietatik abiatuta, obra abstraktu batzuk eratu. “Aldi berean, kritika bat egin nahi izan dut. Izan ere, arkitektura industriala eta brutalista oso gutxi baloratzen dira hemen, eta Suiza edo Japonia bezalako herrialdeetan, esaterako, asko goraipatzen dituzte. Eraikinak kanpotik duen itxura estrukturak berak ematen diona da. Nik eraikin baten fatxada analizatu eta geometrikoki ematen didan sentsazioarekin, koadro abstraktuak egin ditut”, azaldu du arkitektoak.

Oihana Zelaiaren proiektuko irudi bat.

Iaz Zelaiak Arkitekturako Eskolak antolatutako lehiaketa bat irabazi zuen eta jasotako diru-laguntzarekin proiektuko beste 18 prototipoak egin nahi ditu, bilduma osoa bukatzeko.

Aurreko hilabetean egin zuten lehenengo edizioa eta izan zuen arrakasta ikusita, martxan jarri dute bigarrena. Ekainaren 8an bilduko dira berriro Ebro-Etxean eta oraingoan artista ezberdinak ekarriko dituzte, herriko gazteei eman nahi zaien ikusgarritasuna mantenduz. “Lehenengo ekitaldiaren kontzeptuaren jarraipen bat izango da. Berria izango da artista ezberdinak ekarriko ditugulako. Aurrekoan desfilea egin genuen Markelen diseinuekin, oraingoan kontzertu bat antolatu dugu Aitor Martinezekin jai/egun eta DJ saio berri bat gauari amaiera emateko”, azaldu dute antolatzaileek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide