Ene Zarautz maite

Pagoetako bordak 45 urte bete ditu

Jabi Gonzalez Toston 2024ko maiatzaren 13a

Pagoetako Uruzume aterpea. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarauzko eta Aiako hainbat boluntarioen artean eraiki zuten 1979ko apirila eta maiatza artean. Gurutzea dagoen muinoaren izenarekin bataiatu zuten; Uruzume aterpea izenarekin, alegia.

Pagoetako mendi tontorretik gertu dagoen Uruzume aterpeak urtebetetze borobila bete du maiatza honetan; izan ere, 45 urte bete dira Pagoeta mendizale elkartearen ekimenez Zarauzko eta Aiako hainbat boluntarioren artean eraiki zutenetik. Hilabete pasatxo iraun zuten lanek, 1979ko apirila eta maiatza artean aritu baitziren, eremua garbitzen, lehenik, eta, eraikina altxatzen, ondoren, asteburuetan elkartuta. Mendizaleei babeslekua eskaintzeko xedez eraiki zuten, aurrez bertan zegoen borda ordezkatzeko. 1966an izandako sute batean erre zen aurreko aterpea.

Berria eraikitakoan, gurutzea dagoen muinoaren izen bera jarri zioten, Uruzume, esan bezala, eta ordutik ohitura izaten da ekaineko lehenengo igandean, Pagoeta egunez, bertan hamaiketakoa egitea mendi buelta borobiltzeko. Aurten ekainaren 2an egingo dute. Pagoeta elkarteak antolatzen du irteera urtero, eta, aurten ere ez du hutsik egingo. Hori gutxi balitz bezala, elkartearen ikurreko marrazkian ere presente dago borda.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide