Nadia Erostarbek finalaurrekoa jokatuko du Sydneyn, CSko txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 13a, 14:30

Nadia Erostarbe Sydneyen, CS zirkuituko bigarren txapelketan. (Dunbar / WSL)

Surflari zarauztarrak Erin Brooks izango du aurkari finalaren atariko azken kanporaketan, aurreko txapelketa irabazi zuen kanadar gaztea.

Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak emaitza bolada onean jarraitzen du eta finalaurrekoetara sailkatu da Sydneyn (Australia) jokatzen ari diren Challenger Series zirkuituko bigarren txapelketan. Hori horrela, hirugarren postua bermatu du. Erostarbek iaz ere lortu zuen finalaurrekoetaraino iristea CS zirkuituko proba batean; ondorioz, haren emaitzarik onena berdindu du jada, eta, finalera sailkatuz gero hobetu egingo luke. Horretarako, ordea, CSan birritan irabazi dion aurkaria menderatu beharko du: Erin Brooks, sekulako maila erakusten ari den 16 urteko surflari kanadarra.

Erostarbek Brasilen lortu zuen hirugarren postu hura, Squarema txapelketan eta Brooks izan zen, hain justu, finalaurrekoetan izan zuen aurkaria. Gerora, kanadarrak irabaziko zuen txapelketa, gainera. Hil honen hasieran Australian bertan jokatutako Goald Coast Pro Txapelketan ere aritu ziren elkarren aurka bi surflariak, final laurdenetako kanporaketan, eta, berriro ere gailendu zen kanadarra. Brasilen gertatu bezala, txapelketa irabazi zuen ondoren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide