Haurrentzako buruhandi tailerra antolatu dute Arranon

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 13a, 13:00

Intsisu beltza, Arranoko buruhandi tailerrean egingo duten ereduetako bat. (Arrano elkartea)

Maiatzaren 26an, igandea, egingo dute eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Tailerra amaitutakoan kalejiran aterako dira.

Arrano elkarteak 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako buruhandi tailerra eskainiko du maiatzaren 26rako, igandea. 40. urteurrenaren barruan antolatu duen ekintza sorta luzearen barruan egingo du, eta jakinarazi du parte hartzeko ezinbestekoa izango dela aldez aurretik izena ematea, plazak mugatuak direlako. Parte hartzeko interesa duten herritarrek lotura honetako formularioa beteta egin ditzakete inskripzioak.

Izen emateari lotuta, era berean, antolatzaileek azaldu dute hura egitean aukeratu beharko dutela buruhandi eredua parte hartzaileek eta 12 euro balio dituela. Materialaren gastuak ordaintzeko baliatuko dute dirua eta egunean bertan egin beharko da ordainketa. Horrez gain, zehaztu dute bi orduko iraupena izango duela tailerrak, 10:30etik 12:30era egingo dute, eta amaitutakoan kalejira egingo dutela sortu dituzten buruhandiekin. Puntualtasuna ere eskatu dute; horregatik, 10:15ean jarri dute hitzordua eta heldu batek bertaratu beharko du haur bakoitzarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide