Montecarloko Balleten 'Errauskine' Kursaalen ikustera joateko autobusa jarriko dute

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 13a, 12:00

(Argazkia: Kursaal.eus)

Maiatzaren 29an, asteazkena, 19:30ean hasiko den dantza emanaldirako izango da Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatu duten doako garraio zerbitzua. Autobus hori erabili nahi dutenek maiatzaren 24rako eman behar dute izena udaleko Kultura bulegoan.

Les Ballets de Monte-Carlo konpainiak Errauskine ikuskizuna taularatuko du maiatzaren 29an (19:30) Kursaalen, Sergei Prokofieven musikan oinarrituta Jean-Christophe Maillotek egindako moldaketa. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Zarauztik dantza emanaldi hori ikustera joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute joan-etorrirako.

Kursaal Eskurak antolatutako garraio zerbitzu guztietan bezala, doako autobusa erabili nahi dutenek ikuskizunerako sarrera erosi behar dute lehenbizi kursaal.eus webgunean; 50 euro balio du sarrera garestienak, eta 11 merkeenak. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek, ordea, ikuskizunerako sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere. Zarautz eta Donostia arteko joan-etorrirako autobusean izena emateko, berriz, udaleko Kultura bulegora jo behar dute ikus-entzuleek; maiatzaren 24a bitartean gorde daiteke tokia autobusean, udaleko Kultura sailaren 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta edo kultura@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita.

Maiatzaren 29an, 18:30ean irtengo da autobusa Sanz Eneako autobus geltokitik.