Palestinaren askatasuna eskatu dute zarauztarren eguerdian egindako elkarretaratzean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 11a, 15:35

Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hiri eta herri askotan. Zarautzen eguerdian dute, Lege Zaharren Enparantzan.

Iazko urrian gerra piztu zenetik egoerak okerrera egin du Palestinan. Azken asteotan Egiptorekin muga egiten duen Rafah hirian kokatu dira borrokak, eta Israelek muzin egiten dio nazioarte mailan egin zaion su eten deiari. Hala, Rafahn egoerak muturrera egin duen honetan, elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko hiri eta herri askotan Gernika-Palestina herri ekimenak deituta. 

Zarautzen eguerdiko 12:30ean egin dute kontzentrazioa, Lege Zaharren Enparantzan, Zarauzko udaletxe aurrean. Sos Rafah Palestina leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira gerra honi amaiera eman eta Palestinak bizi duen auziari konponbidea eskatzeko. Ez dira falta izan erasotutako herriaren banderarik, ezta ikurrinarik ere, eta elkarretaratzean parte hartu duten herritar batzuk Genozidioa gelditu, Palestina askatu edo Palestina aurrera leloak zeramatzaten kartelak ere eraman dituzte

Beste herrietan gertatu bezala, Gernika-Palestina herri ekimenak adostutako idatzi bat irakurri dute. Gernikako herriak pairatutako "basakeria" gogoratu ondoren, idatziak salatzen du palestinarrena dela orain historiatik erauzi nahi duten herria. "Palestina da orain basakeria berri baten protagonista, apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi duten herria. Basakeria hori bizitzea zer izan daitekeen ez dakigu, baina badakigu basakeria zer den. Eta ez diogu beste izenik emango. Herriaren erausketari genozidioa deituko diogu", irakurri du Xabier Euskitzek.

Palestinan bizitzen ari diren basakeriaren aurrean, amorerik emango ez dutela ere dio idatziak. "Ez gara izango herri oso batekin bukatu nahi duen Estatu kriminal baten konplizeak, ezta ere Estatu horren konplizeak diren beste Estatu guztiak bezain kriminalak. Palestinarren genozidiori aurre egingo diogu".