Euskal literaturaren erakusleiho izango da Zarautz maiatzaren amaieran

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 11a, 11:00

Literaturiako antolatzaileak, pasa den ostegunean Garoa liburu denda aurrean. (Juan Luis Romatet)

Maiatzaren 24tik 26ra bitartean egingo da aurtengo Literaturia Zarautzen. (b)egia da aurtengo jaialdiko gaia, eta askotariko ekitaldiz osatu dutela iragarri dute antolatzaileek.

Euskal literaturaren erakusleiho izango da beste behin ere Zarautz maiatzaren amaieran. Aurtengo edizioak (b)egia izango du gaitzat eta maiatzaren 24, 25 eta 26an egingo da. Haren berri eman dute jaialdia antolatzen duen taldeko kide Itziar Iruretagoienak eta Tasio Gurrutxagak. Zarauzko Garoa liburu dendan egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan ziren, baita ere, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Euskara, Kultura, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzia, eta Berriako Ainara Lasa. Izan ere, udalaren laguntzarekin eta Berria egunkariarekin duten lankidetza hitzarmenari esker antolatu dute euskal literatura ardatz duen hitzordu hau.

Urbietak eskerrak eman zizkien Literaturiako antolatzaleei Zarautz, "herri euskaldun bezala, mapan jarri dutelako". Gogoratu zuen udala beti egongo dela euskararen eta euskararen alde, eta halako ekitaldiak antolatu ahal izateko baliabideak eskura jarriko dituela. Lasak, berriz, azken urteetako lankidetzari eutsi diotela esan zuen. "Euskarazko sorkuntzak munduko foku denak behar ditu, eta Zarautzek euskal literatura erdigunera eramaten du". Irakurle berriak literaturara erakartzeko beraien apurra jarriko dutela ere esan zuen Berria egunkariko kideak.

Hiru eguneko jaialdia

Aurtengo Literaturiako ekitaldi gehienak Lege Zaharren Enparantza eta Modelo aretoaren artean egingo dituztela iragarri zuten aurkezpen ekitaldian. Liburu azoka enparantzan egingo dute aurten ere, baina, aurreko urteetan ez bezala, larunbatez egingo da, goizez zein arratsaldez. Liburuen aurkezpenak plazan bertan egingo dituztela ere azaldu zuten, Ahotsenearekin elkarlanean.

Modelo aretoan egingo diren ikuskizun eta ekitaldietarako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira Literaturiako webgunean zein Modelo aretoko leihatilan. Horrez gain, asteburuan zehar ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira, sarrerak bukatu ez badira. Sarrera hauek atzo arratsaldez jarri zituzten salgai.

Maiatzaren 24an, ostiralez, hasiko dute Literaturia, Mari Luz Estebanen manifestuarekin. 20:00etan izango da ekitaldi hori Modelo areotan, eta ondoren literatur jaialdi honetarako espresuki sortutako (B)egira! ikuskizuna eskainiko dute Iraia Eliasek Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak. Ekitaldi horretarako sarrerak 7 euro balioko du, eta erosten dutenei liburutan erabiltzeko 3 euroko bonua emango zaie.

Larunbatean, hilaren 25ean, 11:30ean zabalduko da liburu azoka Lege Zaharren Enparantzan jarriko den karpan, eta ordu erdi beranduago, 12:00etan, Booktegi kultur elkarteari aitortza egingo diote, "euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egiten duen lanagatik". Manu Urbieta zarauztar artistak sortutako oroigarria emango diote. Azoka goizez eta arratsaldez izango da zabalik, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta egunean zehar oraindik zehaztu ez dituzten liburu aurkezpenak egingo dituzte. Aurkezpen hauen berri datozen egunetan emango dituztela ere adierazi zuten ostegun arratsaldeko ekitaldian.

Zapatuan baita ere, baina Modelo aretoan, hiru ekitaldi egingo dira: 12:30ean, Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia mahai-ingurua egingo da eta bertan parte hartuko dute Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondok. 17:30ean, Literaturiarako sortutako Inuksuit emanaldia izango da, eta Patxi Zubizarreta, Antton Valverde, Maddi Oihenart, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoa izango dira taula gainean. Bukatzeko, 22:00etan, beste estreinaldi bat izango da Zarauzko aretoan: Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Lander Bilbao, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco eta Amaia Garciarekin. 

Umeentzako ekitaldi bat ere izango da larunbatean, Literattipia atalean. Inazio Tolosa zumaiarrak ipuin kontaketa bat emango du, goizeko 11:00etan, Etxezabala aretoan.

Amaitzeko, aurtengo edizioari amaiera emanaz, Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua saioa izango da Modelo aretoan. Eguerdiko 12:00etan izango dira, eta Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburu elkartuko ditu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide