Hondartzetan jasangarritasuna eta inklusioa bultzatzea izango du xede aldundiak, udalekin lankidetzan

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 11a, 13:30

Argazkia: GFA.

Atzo izan zuen bilkura Hondartzetako Lurralde Mahaiak, eta bertan izan ziren Zarauzko, Getariako eta Zumaiako udal ordezkariak, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuarekin batera. Gipuzkoako hondartzak inklusiboago egiteko proiektua jarriko dute martxan.

Hondartza denboraldia hasteko aste gutxiren faltan, Hondartzetako Lurralde Mahaiak bilkura egin zuen atzo, ostirala. Bertan elkartu ziren Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuarekin batera zenbait udal ordezkari, tartean, Zarauzko (Iban San Martin), Getariako (Haritz Alberdi y Ekaitz Esteban), Zumaiakoak (Maite Egaña) eta Oriokoak (Olatz Santamaria), denboraldi berriari begira hondartzen erabileraren inguruan aritzeko. 

Hondartzen kudeaketarako plana bultzatuko du Aldundiak, Gipuzkoako kostako udalekin lankidetzan. Bilkuraren ondoren prentsa ohar bidez azaldu dutenez, Jasangarritasun Sailak 1.815.000 euro bideratuko ditu 2024ko hondartza-denboraldirako, 150.000 euroko zenbateko gehigarriarekin. 

Garbiketaren eta hondakinen kudeaketa jasangarria paperontzi gehiagorekin indartuko dute, batetik. Hondartzak inklusiboago egiteko proiektua jarriko dute abian, bestalde: Proiektu hori Getariako Malkorbe hondartzan bainatzeko zerbitzu lagunduarekin hasiko da, eta, ondoren, kostaldeko beste herri batzuetara zabalduko da.

Izan ere, lehentasuntzat jo dute hondartzen erabilera herritar guztiek modu jasangarri eta inklusiboan egiteko tresnak ematea. Nik Hondartzak aplikazioa aipatu dute horretarako bitarteko garrantzitsu gisa: aurten, bere zerbitzuak berritu eta zabalduko baititu banderen egoerari buruzko abisuekin, bainatzeko uraren kalitateari buruzko eguneratzeekin eta hondartzako eta bainu lagunduko zerbitzuei buruzko informazioarekin. Jende kopuruaren eta hondartzetako erabiltzaileen kontzentrazioaren inguruan ere informatuko du tresna horrek. 

Jasangarritasuna lehentasun

Inklusioaz gain, jasangarritasuna indartu nahi dute, eta hondakinak biltzeko zaborrontzi gehiago ezartzeaz gain, aipatu dute segurtasuna eta osasuna zaintzen jarraitu nahi dutela. Azken urteotan alga mota berriak sortu dira Gipuzkoako hondartzetan, eta klima aldaketaren ondorioz itsas tenperaturak gora egingo duela espero dutenez, mikroalga toxikoen garapena ulertzeko proiektuak sustatuko dituzte. Ikerketa talde batek osatzen duen Ostreobilia mugaz gaindiko proiektua aipatu dute erreferentzia gisa. 

Sentsibilizazio kanpainak egingo dituztela ere iragarri dute, amaitzeko. Emaus Gizarte Fundazioarekin lankidetzan gauzatuko dituzte, hondartzen erabilera jasangarria eta inklusiboa sustatzeko.