Bertso-sorta

Zarauzko beteranoen XXI. ibilaldia

Inaxio Uria 'Isasti' 2024ko mai. 11a, 16:30

Beteranoek egindako txangoetako bat. (Artxiboa)

Pagoeta Mendizale Elkarteak Zarauzko Beteranoen XXI. Ibilaldia antolatu zuen maiatzaren 5erako, Urbasara. Horren harira, Inaxio Uria Isasti-k ondorengo bertso-sorta igorri du Zarauzkohitza.eus atarira, Iparragirre abila dela doinuan.

                -1-
Beteranoen ibilaldiak
osatuz beste urratsa
Hogeitabat garrenez hain zuzen
aurtengoan egun pasa
Nora goaz galdezka
zen jendearen kezka
Erantzuna zen erraza
Mendilerroa aukeratuaz
Nafarroako Urbasa (bis)

                 -2-
Berrogei ta hamairu lagunek
baiezkoa berehala
autobusean elkartu ginan
ohiko dugun bezala
Ordubetez bidaia
eroso ta lasaia
Bertara iritsi ahala
denak elkartuz osatu gendun
txangoan lehen atala (bis)

                  -3-
Baso aberatsa da benetan
Pagadia da nagusi
Garai honetan ze kolorea!!
ez nuen aspaldi ikusi
Bista gora ta behera
gunean arabera
Oreka behar zen eutsi
Lurzorua labainkorra zenez
sustrai harrixka ta guzi (bis)
                 -4-
Lehen urratsa igaro eta
noski hamaiketakoa
Eta ondoren banandu ginan
aukeratuz gustukoa
Gehienak itzulera
ta besteak aurrera
Etzuten nonbait nahikoa
Adin berdina izanagaitik
bada jende sasoikoa (bis)

                   -5-
Bazkaltzerako elkartu ginan
ohiko giro onean
Ta janariak amaitu ahala
kantatuz ondorenean
Eskuratuz papera
gustuen arabera
Arantxa gida lanean
Hala jarraituz etenik gabe
kanta kantaren gainean (bis)
                   -6-
Kalera irten eta jarraian
talde argazki itzela
Bitxikeri bat argitu nahi dut
Nola sinestu bestela!!
Aterki bat aurrean
ta ni atzekaldean
Benetan han nengoela!!
Ni argazkian ez azaltzea
ulertzen al da horrela? (bis)
                   -7-
Itzulerako bidaia berriz
giro lasaia ,polita
Autobusean musika lagun
Etzegoen iragarrita!!
Kantaldi berezia
Taldeak merezia
Ondo pentsatzen jarrita
Bidai osoan jaso genuen
guk Benitoren bisita (bis)
                  -8-
Antolakuntza aipatu nahi dut
lana denez nabarmena
Jeru,Izazkun ta Kontxi,noski
Eskertzekoa zuena!!
Ta zuen ahaleginak
emaitza atseginak
Gehituz eguraldiena
Egunean zehar ateri eta
euria azaltzen azkena (bis)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide