Palestinari elkartasuna adierazteko protesta egingo dute bihar

Jabi Gonzalez Toston 2024ko maiatzaren 10a

Palestinako herriari babesa adierazteko eta "Israelen genozidio" salatzeko joan den azaroan Lege Zaharren Enparantzan egin zuten protesta. (Juan Luis Romatet)

Gernika-Palestina mugimenduak herriz herri deitu ditu mobilizazioak astebururako eta Zarautzen ere bat egingo dute. SOS Rafah lelopean egingo dute elkarretaratzea 12:30ean, Lege Zaharren Enparantzan.

Palestinan jazotzen ari dena salatzeko, eta Israelen jokabidea gaitzesteko hainbat erreakzio eta protesta izaten ari dira egunotan mundu osoan. Tartean, Euskal Herrian. Bada, horri segida emateko eragile sozial eta politikoek askotariko deialdiak egin dituzte astebururako eta Zarautzen ere egingo dute mobilizazioa. Gernika-Palestina mugimenduak deitu du, eta herriz herri egingo ditu elkarretaratzeak. SOS Rafah lelopean deitu dituzte protestak "Gazan, eta, zehazki, Rafah-n bizi duten muturreko egoera dela eta, entitate sionistaren genozidioa salatzeko". Lege Zaharren Enparantzan izango da. 

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak, bere aldetik, Zumaian egingo du protesta, asteazkenean, Nakbaren 76. urteurrenean. Elkarretaratzea izango da hori ere eta Saregile plazan egingo dute, 19:00etan. Kontseilu Sozialistak "Israelen eta mendebaldeko konplizeen aurka" mobilizatzera deitu du. Horrez gain, ikasleen deialdiekin bat egin du, eta maiatzaren 18an Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deitutako Iruñeko manifestazio nazionalean parte hartzera animatu ditu herritarrak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide