Irabazi asmorik gabeko herriko elkarteen erakusleiho izango da malekoia igandean, hirugarren urtez jarraian; izan ere, udalak Boluntariotza Azoka antolatu du, beste behin. Galtxagorri elkarte gastronomikoaren parean egingo dute 11:00etatik 14:00etara, eta Jesus Arana Boluntariotza zinegotziak dei egin die herritarrei bertara daitezen: "Benetako komunitatea osatu nahi badugu herrian, gizartearen alde musu-truk lan egiten duten elkarteak eta boluntarioak egotea ezinbestekoa da. Horregatik, zarauztarrak animatu nahi ditugu azokara eta bertan egongo diren mahaietara gerturatzera, gurean ditugun elkarteak eta beren jarduerak lehen eskutik ezagutu ditzaten".
Hari beretik, Aranak gogoratu du azokaren helburu nagusia dela "boluntariotzak duen garrantziari eta Zarautzen dauden 22 elkarteei balioa ematea". Azken horren harira, zinegotziak jakinarazi du elkarte horietako bakoitzari buruzko informazioa jaso dutela azokan eskuragarri egongo den esku orri batean.
Horrez gain, Aranak adierazi du udalarentzat ere baliagarria izango dela azoka elkarteei beren gertutasuna azaltzeko: "Hartu emana urte osokoa bada ere, aukera izango dugu elkartzeko eta elkarteen proiektuen berri aurrez aurre izateko".
Boluntarioak luzerako nahi
Azokan parte hartuko duten elkarteetako ordezkariak, beren aldetik, eskertuta azaldu dira udalak hirugarren urtez eskaini dien aukerarekin; zeren, "baliagarria izango da boluntario gehiago erakartzeko", Dori Canoren hitzetan. Ikusmen arazoak dituzten pertsonei arreta ematen dien Agi elkarteko kidea da Cano, eta adierazi du «boluntarioek eman baino gehiago jasotzen» dutela.
Boluntario beharraren harira, Miren Gurrutxaga Gipuzkoako boluntariotza sustatzeko Gizalde elkarteko kideak azaldu du "epe luzeko konpromisoak hartuko dituztenak falta" direla, batik bat: "Datuek diote hazten ari dela boluntario kopurua, baina epe motzekoak dira gehienak, eta elkarteen egiturei eusteko eta jarraikortasunez lan egiteko, konpromiso handiagoa hartuko dutenak behar dira".