Itzulian "emaitza onak lortzea eta ahalik eta gehien gozatzea" nahi du Usoa Ostolazak

Maialen Etxaniz 2024ko maiatzaren 9a

Usoa Ostolaza iaz, Donostiako podiumean Itzulia Women lasterketa amaitu ondoren. (Laboral Kutxa team)

Emakumeen Itzulia lasterketa berezia da Ostolazarentzat. Iazko sentipenak berriro bizitzeko gogoz dago, eta taldea "indartsu" ikusten du. Laboral Kutxa klubeko kidea da zarauztarra. Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute txirrindularitza proba, hiru etapatan banatuta. Aurreneko etapan Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik igaroko da, eta hirugarrengoan, Oriotik. 

Hastear da Itzulia Women 2024 lasterketa, eta bertan lehiatuko da Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra. Iazko lasterketako bizipenak ditu oraindik gogoan, eta sentipen haiek berriro bizitzeko gogoz dago Laboral Kutxa klubeko txirrindularia. 

Bihar, maiatzaren 10ean, hasiko da lasterketa, eta igandean bukatuko da, hilaren 12an. Hiru etapatan jokatuko dute proba, eta lehen etapan zein azkenekoan igaroko da eskualdetik. Hain zuzen, bihar Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik igaroko da, eta igandean, Oriotik.

Ostolazak nabarmendu du ibilbidea "gogorra" den arren, klubeko kideak "oso gogotsu" daudela: "Etxeko lasterketa da Itzulia, entrenatzen ibiltzen garen errepideetan lehiatzen dugu, etxeko eta bertako jendearen babesarekin. Horrek berezi egiten du". Era berean, adierazi du klubarentzat "lasterketa oso garrantzitsua" dela Itzulia Women, eta zentzu horretan ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko ahalegina egingo dutela. "Talde bezala, oso garrantzitsua da lasterketa honetan emaitza onak lortzea. Denboraldi osoko lasterketarik garrantzitsuena da guretzat, besteak beste, maila handiko proba ere badelako", adierazi du zarauztarrak. 

Nafarroako Klasika jokatu berritan –atzo, asteazkenez, jokatu zuen proba–, taldea "gogotsu eta indartsu" ikusten du zarauztarrak. "Ilusioarekin gaude; Santestebanekin goaz sailkapen orokorraren bila", aurreratu du. Zarauzko txirrindulariak ezin izan du Espainiako Itzulian lehiatu osasun kontuak tarteko, baina, Nafarroako Klasikak aukera eman dio gorputza nola dagoen ikusteko. Gainera, iaz bizitakoa eta sentitutakoa errepikatzeko irrikaz dago Ostolaza: "Iazko oritzapen oso onak ditut; asko gozatu nuen. Ea gorputzak ondo erantzuten duen aurtengoan ere. Emaitza onen bila joango naiz, baina gozatzeko gogoa daukat eta iazko oroitzapen on horiek berriro bizitzekoa". 

Itzuliak eraginak izango ditu trafikoan. Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute txirrindularitza proba, hiru etapatan banatuta. Aurreneko etapan Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik igaroko da, eta hirugarrengoan, Oriotik. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide