Irene Iribar ZKE Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalaren presidentea "pozik eta eskertuta" Lehenengo Maila Nazionaletik Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea herrian antolatzea egokitu zaiolako klubari. Nabarmendu duenez, "gizonezkoen taldearen bi babesle nagusien eta erakunde publikoen laguntza izan da ezinbestekoa fasea herrira ekartzeko".
Hil honetan bertan jokatuko dute fase hori, 17tik 19ra –ostiral iluntzean ekingo diote igande eguerdian amaitzeko–, eta, Iribarrek espero du zaleek "orain arte bezala erantzutea eta Aritzbatalde betetzea, haien bultzada beharrezkoa izango delako helburua betetzeko: fasea irabaztea mailaz igo ahal izateko". Dena den, etxeko taldeak ez du egiteko erraza izango, aurrean izango dituen aurkariak ez direlako nolanahikoak: Sant Ciugat, D multzoko txapelduna izan den Kataluniako taldea; Granollers, E multzoan bigarren sailkatu den Bartzelonako taldea, eta, Cordoba de Balonmano, F multzoan bigarren sailkatu den Andaluziako taldea.
Kataluniako taldeak izaten dira, hain justu, fasera sailkatu diren gehienek saihestu nahi izaten dituztenak, maila handikoak izaten direlako. Bada, Amenabarri bi egokitu zaizkio. Hala ere, ZKEko Eskubaloi saileko arduradunak argi du fasea jokatuko duten talde guztiak direla "oso onak", eta arrazoia ere eman du: "Sei multzo daude Lehen Maila Nazionalean, eta multzo bakoitzeko lehenengo biak bakarrik sailkatzen dira fasera".
Sei partida hiru egunetan
Hiru egun iraungo ditu Aritzbataldek hartuko duen faseak, eta, ZKEk partida guztiak ikusteko bonu bereziak eskainiko ditu. "Arrunta 25 euroan salduko dugu, bazkideek 12 euroan eskuratu ahalko dute, eta jokalariek 6 euroan", azaldu du Iribarrek. Eguneko sarrera arruntak, berriz, 10 euroko prezioa izango du, eta bazkideenak 6 eurokoa. Halaber, klubak jakinarazi du ahalegina egingo duela frontoian pantaila handia jartzeko.