Igandean jokatuko dute Zarauzko Herri Lasterketa, aurten ere A 3 el Km! taldeak eta Zarautz Kirol Elkarteak elkarlanean antolatuta. 11:00etan hasiko da proba, eta antolatzaileek gogoratu dute parte hartu nahi duten korrikalariek oraindik ere badutela izena emateko aukera.
Inskripzioak 10 euro balio du eta Kirolprobak.com atari digitalaren bidez egin daiteke. Larunbatean 12:00etan itxiko dituzte online bidezko izen-emateak, baina lasterketa egunean bertan ere izango da horretarako aukera, baldin eta plazak bete ez badira. Guztira, 200 lagunetakoa da parte hartze muga, eta dagoeneko 114 daude zerrendan.
Zarauzko Herri Lasterketaren seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta izango du berritasunik aurtengo probak. Hain zuzen ere, 2019ko lasterketarako diseinatutako ibilbidera itzuliko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, iaz laburtu egin behar izan zuten ibilbidea herrian egiten ari ziren hainbat lanengatik. Hori horrela, herri osoari buelta emango dion 8 kilometroko ibilbidea zirkularra berreskuratuko dute. Korrikalariek Lege Zaharren Enparantzatik abiatuko dira eta toki berean izango dute helmuga.
Iaz Koldo Aiesta laudioarra eta Idoia Nogales debarra izan ziren nagusi. Bosgarren edizio horretan 153 korrikalarik hartu zuen parte.
