Lehia estua Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketako finaletan

Julene Sorarrain 2024ko mai. 4a, 15:45

Eskola kiroleko eta Liga zein Kopako finalak jokatu dituzte gaur goizean Zarauzko hondartzan. Sari banaketa egin dute ondoren Munoa alboan eta amaitzeko, jokalari eta antolatzaileak Salbatore Mitxelenako frontoian batu dira urteroko bazkaria egiteko.

Euripean hasi arren, hainbat herritar gerturatu dira gaur Malekoira 79. Hondartzako Futbol Txapelketako finalak ikustera. Goizeko 7:00etan kanpu markaketa egin ondoren, 9:00etan eman diote hasiera txapelketari.

Shelter-Pukas eta Kirkilla-Enea Jatetxea taldeetako senior neskek XIX. Emilio Olazabal Kopako finala jokatu dute, 2-1 emaitza lortuz. Tivoli-Naparrak eta Ulacia Bidaiak taldeko mutilak, aldiz, XXIX. Juan Irigaray Kopako finalean aritu dira, 1-2 emaitza lortuz.

Ligan, Kebidek eta Orbela Taberna-Emakume Surflari taldeko neskeek IV. Maria Jauregi Ligako finala jokatu dute. Garaipena Kebidek taldeko neskek lortu dute, 2-1 emaitzarekin. Eta azkenik, Asti Pinturak eta Telesforo Erretegia taldeko mutilak XXIX. Paco Urquia Ligako finalean aritu dira. Asti Pinturak taldeko mutilak izan dira garaile, 2-1 emaitzarekin.

Oro har, lehia handiko partidak izan dira, eta jokalariak gogotik ahalegindu dira garaipena lortzeko.

Eskola kirolak

5. eta 6. mailako haurrak ere aritu dira eskola kiroleko finalak jokatzen. Besteak beste, Orokieta Herri Eskolako, La Salle Ikastetxeko, Salbatore Mitxelena Ikastolako, Orioko Herri Ikastolako, Zaragueta Herri Eskolako eta Lardizabal Herri Eskolako neskak eta mutilak aritu dira.

Sari banaketa

Partidak amaitu bezain laister, jokalariek porteriak jaso dituzte eta Gurutz Gorriko lokalean gorde. Ondoren, sari banaketa hasi dute 11:00etan Munoa parean, hondartzan. Bertan izan dira Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia, Esteban Collantes Zarautzko Kirol Elkarteko presidentea, Xabi Prieto Real Sociedad taldeko jokalari ohia eta Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia, besteak beste.

Sarien banaketa ordenean egin dute. Lehenik eskola kiroletako haurrek jaso dituzte kopak eta dominak. Ondoren, senior neskei eta mutilei Kopako sariak banatu dizkiete eta azkenik, Ligako sariak. Hainbat familiarteko eta lagun bertaratu dira jokalariekin garaipenak ospatzeko.

Arratsalde luzea aurretik

Sari banaketarekin amaitu ondoren, jokalariak eta antolatzaileak San Pelaiora abiatu dira bazkal-aurreko poteoa egitera. Inguruko tabernatan banatu dira, guztientzat lekua egoteko eta tabernak ez kolapsatzeko.

14:00etan, urteroko bazkaria egin dute Salbatore Mitxelena Ikastolako frontoian. Arratsaldean, 18:30ean, kalejirari hasiera emango diote Bertsolarien Plazatik abiatuta. Aurten DJ Track arituko da kalejira girotzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide