Arkamurka natura elkarteak bi irteera antolatu ditu maiatzerako, zarauztarrei inguruan duten eremu naturalaz gozatzeko aukera eskaini asmoz. Hala, Pagoeta natur parkera eta Santa Barbara-Garate mendira joango dira hilaren 11ean eta 26an, hurrenez hurren. Gainera, azaldu dute bisita gidatuak izango direla biak, aipatu guneetan egindako jarduerei buruzko azalpenak emango dituztelako.
Pagoetara egingo duten lehenengo irteerari erreparatuta, Arkamurkak zehaztu du hagin zuhaitzak Kantauriko zonaldean kontserbatzeko eta haien egoera hobetzeko egin dituzten lanak azalduko dituztela. Nolanahi ere, elkarteak aurreratu du Europako LIFE programaren barruan egin dituztela lanok eta parte hartze zuzena izan duten adituek emango dituztela azalpenak. Larunbatean egingo dute irteera hori, esan bezala, eta 09:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua Burdingurutzeko aparkalekuan.
Santa Barbara-Garateko txangoan, bestalde, Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Saileko teknikariak eta Ainara Garcia Zarauzko Eraztun Berde Urdineko teknikariak emango dituzte azalpenak. Inguru horrek dituen balioen, dituzten helburuen eta egiten ari diren jardueren inguruan arituko dira, zehazki. Bigarren irteera hori maiatzaren 26an, igandea, izango da, eta, 09:00etan elkartuko dira, era berean, Arkamurkak Santa Marina kalean duen lokalaren parean.