Zarauzko Merkatua Bizirik elkarteak Agroekologiatik askatasunera hitzaldia antolatu zuen atzorako, Zarauzko Merkatuko Plazan. Hainbat herritar bertaratu ziren Myriam Imaz eta Oihana Usabiaga Amillubi Lurra Taupaka egitasmoko partaideak entzutera.
Julen Zulaika bertsolari eta Ametsola etxalde ekologikoaren sortzaileak aurkeztu zuen hitzaldia. Ondoren, Myriam Imaz eta Oihana Usabiaga proiektuaren inguruko azalpenak ematen aritu ziren. Lurra ondasun kolektibo bilakatzea da egitasmoaren helburua eta Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserrian abiatu dute proiektua. Herritarrek bertakoak eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratzea lortu nahi dute, baita lehen sektorea eta elikadura sistema indartzea eta lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea ere.
Helburu horiez gain, Amillubiko kideek euskal nekazari gazteei lagundu nahi diete, horiek dituzten oztopoei aurre egiten. Izan ere, Euskal Herrian "burokraziak nekazariei trabak bakarrik" jartzen dizkiela azaldu zuen Usabiagak, eta hemengoa kontsumitu ahal izateko, "euskal nekazari eta baserritarrei lurrak modu duinean lantzeko aukera eman behar zaiela" azpimarratu zuen.