Bertso-sorta

Aita futboleroari gutuna

Inaxio Uria 'Isasti' 2024ko maiatzaren 4a

Joan den asteburuan protesta egin zuten hondartzan, Eskola Kirolean gurasoen irainekin amaitzea exijitzeko. (Aritz Mutiozabal)

Helduen zein Eskola Kiroleko Hondartzako Futbol Txapelketako finalak jokatuko dituzten eguna da gaur. Aurreko astean, berriz, finalerdiak jokatu zituzten haurrek eta protesta ere egin zuten duela bi aste guraso batzuek epaile adingabeak iraindu zituztela gaitzesteko. Azken horren harira, Inaxio Uria Isasti-k ondorengo bertso-sorta igorri du Zarauzkohitza.eus atarira, Mutiko batek doinuan.

-1-
Aspaldidanik pentsaturiko
mezu hau zuretzako da
Hamalau urteren atarian
berretorri zait gogora
Erdibidean dago oraintxe
futbol partidan denbora
Zu etortzeak txangora
edo herriko kanpora
jartzen ninduen gustora
Baina gaur egun, eskatzen dizut
Gelditu zaite albora!!!
Partidetan zehar sarriro
galtzen bai duzu ganora (bis)

-2-
Zure jarrera ez dut onartzen
asko sentitzen dut, baina
Nahiz eta jakin kirol arloan
ohiko dela ,alajaina!!!
Etengabeko presio horrek
du forofoen usaina
Zorrozten zaizu mingaina
Epaileari iraina
Erruduna marrazaina!!!
Lagun arteko kirol bat da hau
Ez ba burua engaina
Beraz etxean gelditu arren
maiteko zaitut lehen haina (bis)

-3-
Lehen futbol zale izandakoa
bihurturik futbolero
Aurpegi txarra ta errieta
partida galdu ezkero
Erabaki bat hartu berri dut
ondo pentsatu ta gero
Zeren asteburuero
jartzen zara bero bero
Ez zara jabetzen, edo?
Orain zugandik opari gisa
hauxe dut bada espero
Nik inguruan behar dudana
aita bat da egunero (bis)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide