'Posdatarik gabeko gutunak' lana taularatuko du Xake Produkzioakek ostiralean

Mireia Galarza Bastida 2024ko maiatzaren 1a

'Posdatarik gabeko gutunak' antzezlana. (Xake Produkzioak)

Modelon izango da antzerki emanaldia, eta bertan Mikelen istorioa kontatuko dute, azken hilabeteetan bere burua identifikatu ez duen norbaitek bidalitako gutun misteriotsu batzuk jaso baititu protagonistak. 20:00etan hasiko da emanaldia. 

Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana eta gero, Posdatarik gabeko gutunak lana aurkeztu zuen Xake Produkzioak konpainiak iazko maiatzaren 26an Tolosako Leidor antzokian. Euskal Herriko dozenaka antzoki bisitatu eta gero, ostiralean iritsiko da Zarautzera. Modelo aretoan izango da antzerkia, 20:00etan. 

 

Bertan, Mikel izango da protagonista, eta bost urte preso egon ostean, ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hori inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan, bere burua identifikatu ez duen norbaitek bidalitako gutun misteriotsu batzuk jaso ditu. Eskutitz horiek guztiek ezaugarri bera dute; postdataren lekua hutsik uzten du igorleak. Charlot modura jantzitako pianista mutu baten laguntzarekin, bere bizitzaren errepaso bat egin eta jasotako gutunak gogoratuko ditu, igorle misteriotsua nor den jakin arte.

Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta ariko dira aktore moduan. Sarrerak eros daitezke oraindik, hemen. Zarauzko Hitza, gainera, bi sarrera bikoitz ari da zozkatzen antzezlanerako. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide