Herritarren %56k eman dute botoa bigarren aurrerapenaren arabera

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 21a, 19:30

Herritar bat Orokieta haur eskolako hauteslekuan botoa ematen, gaur goizean. (Jabi Gonzalez Toston)

Eusko Legebiltzarrerako bozetan izaten ari den parte hartzearen berri eman du bigarrenez Eusko Jaurlaritzak, arratsaldean eta jakinarazi duenez, Zarautzen boza ematera deituta dauden herritarren %55,91k egin dute hauteslekuak zabaldu dituztenetik 18:00ak bitartean.

Eusko Legebiltzarra osatuko duten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak azken txanpan sartu dira; izan ere, minutu gutxi batzuk baino ez dituzte botoa emateko oraindik egin ez duten herritarrek. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak parte hartze datuen bigarren eta azken aurrerapena egin du. Hala, jakinarazi du hauteslekuak 09:00etan ireki dituztenetik 18:00ak arte Zarautzen botoa ematera deitutako herritarretik %55,91k egin dutela. EAEko parte hartze orokorra, berriz, %51koa izan da eta %50,73koa Gipuzkoan.

Lurraldeka Bizkaikoa ari da izaten parte hartzerik handiena orain arte, eta, herritarren %51,87k bozkatu dute bertan. Araban, azkenik, %48,73k eman dute botoa 18:00ak bitartean. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako parte hartze datuekin alderatuta lurralde guztietan egin du gora, baina aintzat hartu behar da duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta ohi baino altuagoa izan zela posta bidezko botoaren portzentajea COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Duela lau urteko hautekunde haietan, %36koa izan zen parte hartzea 17:00ak bitartean EAEn, %36,7koa Gipuzkoan, %36,4koa Bizkaian eta %33,2koa Araban.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide